@gara_miantzi
DONOSTIA

Kontseiluaren aurrekontu proposamena, euskararen aldeko kurbak gorantz egin dezan

Kontseiluak aurrekontuen aitzinean egin duen hausnarketa plazaratu du. EAEri dagokionez, orain arte Lakuak aurrekontu zirriborroa aurkeztutakoan horren gaineko ekarpenak eta balorazioa egin izan ditu, baina eraginkorragoa izateko, Gobernua aurrekontuak osatzen ari den garaira aurreratu du lana, proposamenak aintzat har ditzan.

Iker Salaberriak eta Paul Bilbaok aurkeztu dute Kontseiluaren aurrekontuen inguruko proposamena. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Iker Salaberriak eta Paul Bilbaok aurkeztu dute Kontseiluaren aurrekontuen inguruko proposamena. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak eta Iker Salaberria koordinatzaileak antolakunde honek aurrekontuen aitzinean egin duen hausnarketa plazaratu dute. EAEri dagokionez, orain arte Lakuak aurrekontu zirriborroa aurkeztutakoan horren gaineko ekarpenak eta balorazioa egin izan dituzte, baina eraginkorragoa izateko, Gobernua aurrekontuak osatzen ari den garaira aurreratu dute lana, proposamenak aintzat hartu ditzan.

«Gure ustez, 2015eko aurrekontuek ziklo berri baten hasiera erakutsi beharko lukete euskararen normalizazioari dagokionez», defendatu dute. Izan ere, oroitu dutenez, 2006tik 2008ra, aurrekontu orokorrek gora egin zutenean, euskarakoen igoera apalagoa izan zen, eta 2008 eta 2010 artean, jaitsi egin ziren. Aurrekontu orokorrek behera egin zutenean, aldiz, 2010 eta 2012 artean, euskarakoek jaitsiera are handiagoa izan zuten. Kontseiluak dei zuzena egin nahi du orain arteko zikloei behin betiko amaiera eman eta euskararen aldeko diruen kurbak goranzko noranzkoa har dezan.

Nafarroarako proposamena ere prest dutela jakinarazi dute, baina ezinezkoa zaie Hezkuntza kontseilariarekin biltzea eta zalantzak dituzte nola kudeatu. Horregatik, udazken aldera aurkeztuko dute herrialde horretan eginen duten lanketa. Ipar Euskal Herrian, aste honetan bertan eman dute Lakuak eta Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) euskara sustatzen duten eragileen artean banatuko dituzten diru-laguntzen berri. Bien artean, 1.600.000 euro bideratuko dituzte. Bilbaok eta Salaberriak adierazi dutenez, kasu honetan zaila da jakitea aurrekontu orokorretik (Estatu frantsesekoa) zenbat esleitzen zaion euskarari eta Kontseiluaren lanketa gehiago mugatzen da EEPren aurrekontura.

Hamar proposamen

Momentuz, EAErako proposamena aurkeztu dute, baina bertan agertzen diren ideia batzuk aplikagarriak dira Euskal Herri osoan. Adibidez, inbertsioari eta arauari buruzkoa. Administrazioek politika egiteko dituzten bide nagusiak dira biak, baina orain arte, euskararen normalizazioan, desorekatua izan da erabilera: «Apustu nabarmena egin da inbertsioaren alde, arautzea maiz baztertuz». Eta, Bilbaok nabarmendu duen bezala, aurrekontuak ez dira zenbakiak soilik. Kopuruari begiratu behar zaio, baina atzean dagoen politikari ere bai, gauzak egiteko moduari eta onartuko diren arauei.

Hamar proposamen orokor biltzen ditu euskararen aurrekontuak hobetzeko prestatu duten txostenak. Horien artean, aurrekontu osoaren %2 gainditzea eta euskararen normalizazioak duen zehar-lerro izaera aitortzea. Sail guztiek euskararen aldeko hizkuntza politika egiten dutela bermatzea proposatzen du eta horretarako, Lehendakariordetza berezitua sortzea ikusten du biderik onena. Sail guztiek, salbuespenik gabe, euskalduntzea bermatuko duen programa eduki behar dutela ere azaltzen du txostenak. Ideia orokorrez gain, proposamen zehatz ugari ere jasotzen ditu.

Hau guztia Lakuako Ogasun eta aurrekontu sailburuorde eta Hizkuntza Politikarako sailburuordeari aurkeztu diote, baita EAJko, EH Bilduko eta PSE-EEko legebiltzarkideei ere.