NAIZ

Urdaibairentzat bandera, Hondarribiarentzat lidertza

Bermeotarrek Petronor bandera irabazi dute azken luze ikusgarri batean 32 ehunenengatik. Hondarribia bigarren postuan geratu da, baina pausu sendoa eman du sailkapen orokorrean Oriok seigarren postuan bukatu baitu estropada.

Urdaibaiko arraunlariak garaipena ospatzen. (ARGAZKI PRESS)
Urdaibaiko arraunlariak garaipena ospatzen. (ARGAZKI PRESS)

Ohorezko txanda ikusgarria burutu dute Urdaibai, Hondarribia eta Kaikuk Zierbenako Petronor banderan. Orio atzean geratu da lehen luzetik, baina beste hirurak segundu gutxi batzuen bueltan lehiatu dira estropada osoan zehar.

Azken txanpa emozioz beterikoa izan da. Urdabai eta Hondarribia parean iritsi dira, baina Gorka Aranberri, bermeotarren patroiak, azken metroetan hartutako olatuak erabaki du lehia. Urdaibaik 32 ehunenengatik irabazi du.

Kaiku 7 segundutara geratu da eta Portugalete laugarren 11 segundutara. San Juan izan da bostgarrena eta Orio seigarrena.

Sailkapen nagusian Hondarribian lidertza sendotzea lortu du eta lau puntutako aldea ateratzen dio Oriori.