Haizea Barcenilla | 7K

Kerry, Irlandako Finisterre

Galiziarrek Europako azken muturra euren lurretan dagoela harrotasunez zabaltzen dutenez, asko harritu egiten dira Mendebaldeko muturrik aldenduena Irlandan dagoela jakitean. Berez, Galiziako Finisterre da kontinenteko lekurik mendebaldekoena, baina Irlandak lerro abstraktu horretatik harago luzatzen ditu itsasoan bere hatzak Ameriketarantz. Dingleko penintsulako Slea Head puntak du ohore hori. Kerryn dago, irla berdearen txokorik ederrenetariko batean.

Dingleko itsasargia. (Getty Images)
Dingleko itsasargia. (Getty Images)

Berdea da Irlanda. Berdeak dira bertako lurrak, kirol taldeen elastikoak eta posta-oroigarrien hondoa. Baina berde-urdinak behar zuten izan, zelaien orlegiarekin batera, itsasoaren urdina ere etengabea baita lurraldearen erdigunetik aldentzen den eremu osoan. Irla bat da Irlanda, onerako eta txarrerako, eta itsasoa du, beti, lagunik hurbilena. Sarri, itsasoa eta lurra luzez borrokan ibili direla ematen du, elkarri bultzatuz eta espazioa kenduz, harik eta, nekatuta, ahulduta, bakeak egin eta bakoitzak bere egoera onartu duen arte. Hori da, behintzat, Kerryko lurraldeetan, herrialdearen hego-mendebaldean, ikusten dena. Hatz luzexkak bezala, lau penintsula barneratzen dira itsasoan. Txikiena, Mizen Head, eta Beara izeneko bigarrenaren atal bat Corkeko lurraldeetan daude. Baina Beararen beste atal handi bat eta haren iparraldeko bi ahizpak, Iveragh eta Dingle, Kerryko konderriko harribitxi loratuak dira.

Egunero izaten dira autobusak Killarney parke nazionaletik Slea Head muturrerako bidean, turistez beteta. Gezurra litzateke Kerryko lurraldeak ezezagunak direla esatea. Baina ez gezur borobila, askoz gutxiago baitira bide nagusi hori utzi, Iveragheko penintsulako bidexketatik abiatu, eta barne-lakuak, mendi burusoilak, baserri galduak eta badia liluragarriak bisitatzeko denbora hartzen dutenak.

Alde batetik, pena da, halako leku politak ezagutzea ederra delako. Bestetik, ordea, eskertzekoak dira lasaitasuna, bizi propio eta ez-turistikoa duten landak, eraikinik gabeko paisaien edertasuna eta ardien konpainia. Horrek guztiak, eguraldi ezegonkor eta dramatikoarekin bateratuta, edozein margolari erromantikoren paradisu bihurtzen du Kerry.

Kerryko Eraztuna. Iveragheko penintsula inguratzen duen errepideari deitzen diote Kerryko Eraztuna. Killarneytik abiatuta, kostaldean egiten du aurrera, ehun kilometroan, ondoan amildegiak, hondartzak, olatuak eta irlak dituela. Turista askok egiten dute bide hori, eta egia da ikuspegi ederrak eskaintzen dituela. Baina penintsulara iparraldetik sartu orduko egin behar da merezi duen lehen desbideratzea, Caragh lakua ikusteko. Bitxia da zona horretan itsas paisaiak eta mendi-ikuspegiak zein kilometro gutxira aurki daitezkeen, Rossbeigheko hondartza zabala ikustetik Alpeetakoen gisako mendi arteko laku batera igaroko baikara. Iveraghen, zilegi da ausardiaz jokatzea: errepidetik metro pare batera dagoen edozein lekuk merezi du bisita. Eraztunean aurrera egiten duenak galdu egingo lituzke Caragh bezalako txoko zoragarriak.

Gauza bera gertatzen da penintsularen muturraren alboan uzkurtzen den irla handiarekin; hots, Mediterraneoarekin zerikusirik ez duen Valentia uhartearekin. Bertan ibilita, hainbat bitxikeria topa daitezke ustekabean: tetrapodo baten arrastoak (hots, uretatik atera zen lehen izakietako baten aztarnarik zaharrena) edota gainean Lourdesko Ama Birjinaren haitzulo bat duen arbel-meatze bat. Horrekin batera, Norvegiako fiordoen antza duen paisaia ikusgarria, itsasoko haize leuna, eta ardiak, noski.

Iveragheko penintsulan hainbat egun igaro behar dira. Batetik, bertako bidezidor guztiak ezagutzeko; bestetik, euriak eta eguzkiak ikuspegi txit desberdina eskaintzen dutelako, eta biak direlako gozatzeko modukoak. Eta, azkenik, Skellig irletarako irteerak egun osoa irauten duelako. Ferrya Portmageetik abiatzen da, itsasoan barrena hamasei kilometro eginez, kostatik itzalak balira bezala ikusten diren bi irlatxoetara iristeko. Txikiena, Little Skellig, urrutitik ikus daiteke soilik, natura erreserba bat izanik, ezin baita bisitatu. Arrazoia: munduko zangen bigarren santutegi handiena da, 60.000 ale dituena. Irlarik handiena, Skellig Michael, zapal daiteke, eta gogoz egin behar da gainera, 230 metro igo behar direlako ia uretatik zuzenean, tontorrean duen VI. mendeko monasterioaren arrastoak ikusi eta Erdi Aroko bizitzaren monjeetan pentsatuz hotzikarak sentitzeko.

Watervilleko badiak ere egun oso bat merezi du, bertako hondartza izugarria zeharkatze hutsak orduak har ditzakeelako. Albo batean dagoenak ez du jakiterik aurrean ikusten duena badiaren beste aldea edota beste penintsula bat den, hain da eskerga zabaltasuna. Eta, gauez, haizetik eta hotzetik babesteko aterpetuz gero, abesten ari den lagun talde batekin egin genezake topo Caherciveeneko tabernetan.

Dingle Bay. Bertakoen esanetan, benetako musika ona entzun nahi duenak Dingle herrira joan behar du. Ferrya aspaldi kendu zutenez, Iveragheko penintsula osoa zeharkatu beharko du horretarako, eta Dinglekoa gero. Ezin esan hori sufrimendua denik. Eta ezin esan Iveraghen ibilitakoak ez duela Dingle buruan. Izan ere, penintsula horren iparraldea ikusi duen edonork Dingle izan du denbora guztian aurrean, anaia biki aldenduaren modura.

Ez dira bikiak, ordea, Iveragh eta Dingle. Bakoitzak bere edertasun propioa du, bere izaera. Dinglek ohore berezi bat du, gainera: “Ryanen alaba” filmaren kokalekua izatea. Ohore horrek, baina, bere kontra egiten du askotan, ez baitago irudi zehatz batekin obsesionatuta dagoen turista baino okerragorik. Horrelakoek arazoak izaten dituzte, esate baterako, Incheko hondartzaren ikuspegi lainotua onartzeko, nahiz eta, halako eguraldiarekin, hodeiak hondar bustiaren gainean islatzen direnean itsasoaren eta zeruaren arteko banaketarik ez dagoela dirudien, itsasoan lau kilometro eta erdi barneratzen den hondarrezko mihian.

Ez dira Slea Head paisaia beren kabuz ikustera ausartuko Rosieren aztarnen bila ibilita muturrean gelditzen direnak; kosta egingo zaie begiak txikitutako eskolatik aldendu –filma egiteko bereziki eraikitako etxetxoa besterik ez, malda baten atzean ezkutatua–, eta “National Geographic”-ek berak behinola «munduko lekurik ederren» izendatu zuen muturraren handitasuna sumatzea.

Dingleko penintsulak badu beste ezaugarri berezirik: gaeltacht izatea; hots, nagusiki gaelikoz mintzatzen den eskualdea. Karteletan nabarmena bada ere, eta herrietan barna ibiltzean noizean behin soinu bereziko elkarrizketak sumatu arren, leku gehienetan ingelesa bihurtu da eguneroko hizkuntza, ekonomiari begira duen interesaren ondorioz. Hala eta guztiz ere, beti da taberna edo dendetan bere hizkuntzan hitz egin nahi duen gizon-emakumerik. Eta beti har daiteke kafe bat Dingleko An Cafe Liteartha kafetegi-liburu dendan, hizkuntzak eman dituen testurik bikainenez inguratuta.

Skellig irlak bezala, eta Irlandaren famarekin bat, badira Dinglen ere kutsu magikoa duten hainbat leku. Batetik, izen bereko badiaren ondoan dagoen Brandon mendi izugarria. Irlako gehienek bezala, ez du bere altueragatik txunditzen, altuera hori zuzenean itsasotik jasotzen duelako baizik. Asko dira Dingleraino etorri, eta herria Brandoneko badiarekin elkartzen duen hamar kilometroko Connor Pass mendatea gurutzatzen ez dutenak. Hala, galdu egiten dituzte mendiak badiara eskaintzen duen ikuspegi harrigarria, bailaran zabaltzen diren lakuak eta monasterio zaharren aztarnak. Hori, jakina, Brandonek bere burua erakutsiz gero; izan ere, Euskal Herriko mendi sakratuek bezala, hark ere badu hodeiak estalki modura erabiltzeko ohitura.

Arnasarik gabe eta txundituta utz dezakete horrelako paisaia irmoek. Horregatik, beharrezkoa da izokin ketuzko sandwich bat hartu, eta, Guinness pare batez lagunduta, Irlanda osoan famatua den musika apur bat entzutea. Egurrezko eserlekuetan, kuxinetan eroso jarrita, biolinaren eta flautaren hotsak inoiz ez direla aldenduko dirudi. Eta, Mary Blackek esan zuen bezala, «They sang a song for Ireland».