NAIZ
DONOSTIA

Atxikimendu ugari jaso ditu ‘Bateragune’ auziko presoak askatzearen aldeko manifestazioak

‘Bateragune’ auziagatik preso dauden Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguezen askatasuna aldarrikatzeko urriaren 11n Elgoibarren egingo den manifestazioak atxikimenduak biltzen jarraitzen du.

Aurpegi ezagun ugarik aurkeztu zuten manifestazioa joan zen larunbatean. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)
Aurpegi ezagun ugarik aurkeztu zuten manifestazioa joan zen larunbatean. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

Arnaldo Askatu! Politika askatu! plataformak deituta, manifestazioa egingo da urriaren 11n Elgoibarren, ‘Bateragune’ auziagatik espetxean dauden Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguezen askatasuna aldarrikatzeko. Urriaren 13an atxilotu zituztenetik bost urte beteko dira.

Mobilizazioa atxikimenduak biltzen ari da egunetik egunera. Alderdi politikoen artean babesa adierazi duen azkena BNG galiziarra izan da. Horretaz gain, Sortu EA, Alternatiba, Aralar, Abertzaleen Batasuna, Red Roja, Ezker Batua-Berdeak eta Gorripideak ere bat egin dute manifestazioarekin.

Sindikatuen artean, ELA eta LAB daude, eta norbanakoen artean arlo desberdinetako izen ezagun ugari: Adolfo Perez Esquivel Nobel sariduna; Alfonso Sastre idazlea; Javier Couso eta Marina Albiol IUko eurodiputatuak; Josu Juaristi EH Bilduko eurodiputatua; Jesus Eguiguren PSE presidentea; Teresa Rodriguez Podemos-eko kidea; Raymond McCartney Sinn Féin-eko diputatua; Willie Toledo aktorea; Alfredo Etxeberria Elgoibarko EAJko alkatea; Joan Tarda ERCko diputatua; David Fernandez CUPeko diputatua; Kirmen Uribe idazlea; Iñaki Soto GARAko zuzendaria eta Maddale Iriarte kazetaria, beste askoren artean.