naiz
gasteiz

Bihotzeko ebakuntza egin diote larriki gaixorik dagoen Lopez de Abetxuko presoari

Oviedon egin zioten bihotzeko ebakuntza Jose Ramon Lopez de Abetxuko euskal presoari. Taupada-markagailua jarri zioten hilaren 19an, pultsazioak oso baxu zituelako.

Larriki gaixorik dagoen Jose Ramon Lopez de Abetxuko euskal preso gasteiztarrari bihotzeko ebakuntza egin zioten hilaren 19an, Oviedo. Etxeratek jakitera eman duenez, taupada-markagailua jarri ziote, pultsazioak oso baxu zituelako.

Pasa den hilabetean eman zioten preso gasteiztarrari ebakuntzaren berri eta irailaren 18an ingresatu zuten. Ostiralean ebakuntza egin eta larunbaterako berriro eraman zuten espetxera. Ospitaletik abisatu zieten senitartekoei, baina ez ziete bisitarik egiten utzi.

Etxeraten arabera, familiak ezin izan zuen ez ospitalean ez eta espetxean ere ikusi ahal izan, aurreikusita zuten aurrez aurrekoa ezin izan zutelako egin. «Jose Ramon Lopez de Abetxuko bazkaldu barik atera zuten ospitaletik espetxera bidean», gaineratu du.

Etxeratek, bai presoak eta bai bere senitartekoek pairatutako «eskubide urraketa» salatu du. «Larriki gaixo egon arren, espetxean eta sakabanatuta mantentzen dute Jose Ramon; kalean beharko lukeen artean. Zitala da larriki eri dauden euskal preso politikoekiko Espainiako eta Frantziako Gobernuek jarrera; osasun eskubidearen kontrakoa erabat», ohartarazi du.

Saez de la Cuesta eta Arkauz, isolamenduan

Bestetik, Etxeratek jakinarazi du Logroñoko espetxean den Alicia Saez de la Cuesta isolamendu egoeran dela, ziegan beste preso sozial batekin jarri nahi zutelako.

Kepa Arkauz ere mitardean dago Villepinteko espetxean. Ekainean abiatu zuen borrokaldia, preso politikorik gabe dagoelako.

Horrez gain, asteburuan bisitetarako bidean arazo ugari egon direla adierazi du Etxeratek, hala nola, trenen atzerapenak eta autoekin hainbat arazo mekaniko.