NAIZ
BILBO

Bilboko San Tomas Azoka abenduaren 22ra aldatu dute

BBK Gizarte Ekintzak antolatzen duen Bilboko San Tomas Azoka egunez aldatu da berriro eta abenduaren 22an izango da azkenean, astelehenarekin. Eguna aldatzeko arrazoiak azoka larunbatera aurreratzeak Alde Zaharreko bizilagun, merkatari eta ostalarien artean sorturiko zalantzak izan dira.

Iazko San Tomas Azoka, Bilboko Areatzan. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Iazko San Tomas Azoka, Bilboko Areatzan. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

San Tomas Azokako antolatzaileek Bilboko Alde Zaharreko auzokide, merkatari eta ostalariekin eta baserritarrekin hitz egin dute, guztien zalantzak eta eskaerak entzuteko, BBK-ko iturriek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez.

San Tomas Azokaren helburua jai giro atseginean erakusleen merkataritza jardueraz gozatzea izaten da, eta bertako produktuak dastatu ahal izatea. «Horregatik, funtsezkoa da herritar guztien eta azoka honetan inplikazio handiena duten eragileen premiak aseko dituen data bat bilatzea, guztiek gozatu dezaten Bizkaiarentzat hain esanguratsua den egunaz», azaldu dute.

Horrela, bada, San Tomas Azokaren 67. edizioa abenduaren 22an ospatuko da, eta 286 postu baino gehiago batuko ditu Bilbon, Areatzan eta Plaza Berrian banatuta. Azoka goizeko 9.00etatik gaueko 22.00etara arte egongo da zabalik.