Yurre Ugarte | 7K
Elkarrizketa
Bill Ayers eta Bernardine Dohrn
The Weather Underground-eko oihak

«AEBetan jendea gerraz nazkatuta dago, baina aldi berean oso herri militarizatuan bizi gara»

Bernardine Dohrn (Wisconsin, 1942) eta Bill Ayers (Illinois, 1944) The Weather Underground AEBetako ezker erradikaleko gerrilla erakundearen sortzaile eta kide izan ziren 1969an, Vietnamgo gerrak eragindako bakearen aldeko mugimenduan parte hartu ostean. Garai hartako militantziaz idatzi liburua (‘Fugitive days, a memoir’, 2001) gaztelaniaz argitaratu da egunotan ‘Días de fuga’ (Hoja de Lata arg.). Liburua aurkezteaz gain, hitzaldia eman zuten Iruñeko Katakraken bi hezitzaile ekintzaile hauek, eta argi utzi zuten gaur egun ere iraultza garaietako espiritu berberarekin ekiten diotela eguneroko bizitzari.

Bill Ayers eta Bernardine Dohrn Katakraken. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)
Bill Ayers eta Bernardine Dohrn Katakraken. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

1970. urtean The Weather Underground erakundeak Gerra Deklarazioa eman zuen Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuaren aurka. Zerk bultzatu zintuzten horretara?
Bernardine Dohrn.Hori ulertzeko argitu behar da zerk eragin zuen gu The Weather Underground erakundeko kide izatera; bata zen Vietnamgo gerraren areagotze etengabea. Gerraren aurkako mugimenduan jada bospasei urte generamatzan, eta bai, mugimendu horrek gerrari buruzko iritzi publikoa aldarazi zuen AEBetan, patriotiko, gerrazale eta aldeko izatetik argiro gerraren aurkako izatera, harritzekoa ez zena, ze Vietnamen genozidioak bere horretan zirauen eta gerrako krimenak gure izenean egiten jarraitzen zuten. Hala ere, bazirudien gerra ez zuela ezerk geraraziko. Presidente batek dimisioa aurkeztu zuen, hauteskunde orokorrak etorri ziren (eskuinaren hauteskunde orokor berriak, bi alderdiak gerraren aldekoak baitziren), gero eta beterano gehiago itzultzen ziren gerratik, horrelakoa zen egoera. Ezgaitasun egoera bat, hamar urte luzean astero sei mila pertsonaren erailketa geldiarazteko ezgaitasuna. Ez genekien zer gehiago egin: antolatu egin ginen, erakundea sortu genuen, manifestatu ginen, eta hantxe ginen, hausnarrean, ekarpen gehiago egiteko asmoz. Jarrera horren ondorioz hartu genuen 1970ean ‘Gerra deklarazioa’ deiturikoa, Vietnamgo gerraren esperientzia AEBetan modu hurbilago eta berehalakoagoan bizi zedin. The Weather Undergroundeko kide izatera bultzatu gintuen beste arrazoia izan zen Black Freedom Movement-a (Beltzen Askatasunaren Aldeko Mugimendua, BFM ingelesez); ezin dira ulertu Estatu Batuak arrazagatiko zapalkuntza, desberdintasuna eta gizartearen alde guztiak zeharkatzen dituen zurien nagusitasuna ulertu gabe. Ordurako BFMk hamar urte bete bazituen ere, AEBetan zehar oraindik argi eta garbi nabarmentzen ziren zuriek gauzatzen zituzten zapalkuntza maila ezberdinak, eta pertsona beltzek jasaten zituzten hilketak, kartzelatzeak eta magnizidioa. Beraz, guk uste genuen gure zeregina zela gu geu ipintzea beltzen askatasunaren aldeko borrokalarien eta balen artean. Presentzia berri bat eraiki eta aurre egin jarrera klandestino batetik.

Gaur egun, AEBetako Gobernuak ‘Vietnam’ mota ezberdinak sor ditzake nonahi, drone erasoak edonon eta edozein unetan, erasoaldi askoren berri ere ez dugularik. Nola ikusten duzue egoera hau?
B. D.Horixe da egoera, bai, eta saiatzen gara ahal dugun guztia egiten, gertatzen diren injustiziez ohartu eta haien aurka egin, salatu, arazoak argitara eman. Egun, AEBetako Gobernua gerra iraunkorrean murgilduta dago. Inbaditzen ditu herriak maiz, erasoaldi militarretan ari da etengabe tropak etxeratuko zituela promes egin zuen presidente berbera. Hain justu, presidente hori da herrialdeetan gerrak areagotu dituena; Libia, Siria, zalantzarik gabe Irak, eta inguruetako beste hainbat herrialderen kasuak daude orain, guztietan kaosa eta suntsipena sorrarazi ditu, krisiz krisi gabiltza. Uste dut jendea gerraz nazkatuta dagoela; hala ere, aldi berean giroa oso militarizatua daukan herrialde batean bizi gara, AEBetatik kanpo gertatzen diren gerrak telebistako minutu bateko klipak besterik ez dira estatubatuarrarentzat. Gainera, jendeak pentsatzen du «zerbait egiteak» halabeharrez erantzun militarra behar duela izan, horixe dela erantzun posible bakarra. Baina, 1990. urtetik gerran gaudelako, bakerako gogo bizia dago AEBetan. Izugarria da gerra, herrialde bat suntsitzen du goitik behera. Gurera itzultzen diren beterano asko eta asko gerran egin zuten eta ikusi zuten guztiak deabrututa itzultzen direnean, orduan jartzen dira gerraren aurka haien familiak. Beraz, gure gaurko erronka dira arazo horiek guztiak, AEBetan ez ezik, nazioartean ere eragina dutenak.

The Weather Underground erakundearen sabotaje-bonben jomuga AEBetako Gobernuaren egoitzak izan ziren 70eko hamarkadan; Pentagonoa, Kapitolioa, eta abar. 2011. urteko irailaren 11ko erasoak gertatu zirenean, zer pentsatu zenuten?
Bill Ayers.Irailaren 11ko atentatuak izan ziren nazioarteko terrorismoaren adibide dramatikoak guztion telebista pantailetan; atentatu zitalak, ikaragarriak. Gainera, banda kriminal txiki batek burututakoak. Terrorismo hutsa, guk The Weather Undergrounden inoiz babestu ez genuena; gure erakundeak burutu zituen ekintza publiko dramatikoek Gobernuaren ondasunen suntsipena zuten xede, sabotaje mailakatuak ziren, ez genuen gizakien aurka jo inoiz. Bestalde, Irailaren 11ko atentatu terroristek argi utzi zuten beste gauza bat: gure Gobernuaren erantzuna, hau da, terrorismoari terrorismoarekin erantzun zion. Eta horixe da Irailaren 11ko atentatuen ostean ikusi duguna etengabe: terrorismoa Yemenen, Palestinan, Afganistanen, Iraken, Sirian. Jendeak, AEBetan, ez du hitz egin nahi terrorismo mota honetaz. Gu bezalakook, oraindik ere gerraren aurkako ekintzaileak garenok, erradikalak AEBetako gizartean, iraultzaren aldekoak, hezi eta antolatu beharra daukagu, beraz; eta horretan ematen dugu gure denboraren zatirik handiena.

B. D.Batzuek uste dute Bushen gobernuak antolatu eta burutu zituela I-11ko atentatuak. Nik ez dut uste hala denik, baina, egia da Bushen Gobernua prest zegoela egoera hartarako, aurreikusi zuen horrelakorik, atentatuak gertatu orduko prest baitzeukaten 500 orrialdeko lege proposamena, onartu besterik egin behar ez ziren lege berriak, Segurtasun Legedia berezia... Era berean, bazeuzkaten prest milioika bandera amerikar inprimatuko zituzten ehunka fabrika. Eta berehala babestu zuten biktimentzako arrangura eta nazionalismo modu bat, esanez bezala: «Guk munduan ez dugu ezer egin eta begira zer egin diguten guri». Gobernuaren erantzuna beste bat izan zitekeen, ordea; adibidez, ekintza kriminala legedia kriminalaren bidez epaitzea, atentatuen egile kriminalak epaitzea zorrozki legearen eremuan. Bide terrorista-militarretik jo zuten baina. Elkartasunerako aroa ere izan zitekeen: hausnartzeko eta bat egiteko munduan zehar gertaturiko beste atentatuetako biktimen sufrimenduarekin. Zer ez zen egin hausnartzeari garrantzitsua deritzot, hartu ez ziren erabakiak azpimarratzea, zeren AEBetan badirudi esaten denean «zerbait egin behar da» erantzun militarraz ari garela beti. Jakina, hori ez zen eta ez da har zitekeen erantzun bakarra, badaude bide gehiago.

Occupy Wall Street edo M15 bezalako protesta mugimenduak al dira egungo kleptokraziaren aurka borrokatzeko modua?
B. D.Occupy-k erakutsi digu ez dagoela taktika bakarra. Gainera ez da inoiz taktika kontua izaten; taktika izan daiteke sortzaile, berri, umoretsu, artistiko. Kontua da Occupy eta antzeko mugimenduak zerbait berria zirela munduan. Occupy baino lehen inork ezin zuen iragarri horrelakorik gertatuko zenik. Hala ere, gertatu zelarik, saihetsezina zirudien. Bat-batean, bagenuen kontzeptu berria gure diskurtsoan, ideia berri bat ezarri zen; %1 eta %99. Metafora bikaina da. Eta ideia bikain horrek hedatzen jarraitzen du. Bai, Occupy Wall Street mugimenduak erabat poztu gintuen; azpian gaudenak borroka egiteko zutitu ginelako diskurtsoa aldarazteko, gertakizunen testuingurua aldatzen hasteko. Occupy eta antzekoak gero eta sarriago gertatuko den zerbait dira, injustiziak eta biolentziak amerikar gizartearen ezaugarri izaten jarraitzen duten bitartean behintzat. Missourin ikusi berri dugu, Fergusonen, poliziak Michael Brown nerabe beltz armagabea tiroz hil ondoren, jende beltzaren erreakzioa izan da oihukatzea serieko hilketen (serial killing) aurrean gaudela. Eta Occupy dago Missouriko Fergusonen, non poliziaren biolentziaren aurkako ikurra den «eskuak gora, ez tirokatu». Mugimendua gainerako estatuetan zehar zabaltzen ari da.

Laburbildu izan duzue zuen garai hartako ekimena hitz hauekin: «Antolatu egin ginen, agitazioa eragin genuen, gure helburua soilik heztea zen». Heziketa gizartearen axolagabetasunaren aurka?
B. A. Bai, hala da. Moralaren kontrakoa ez delako immorala, moralaren kontrakoa indiferentzia edo axolagabetasuna baita. Begiak ixtea, zure aurrean duzuna ez ikustea, zure begiak gero eta gehiago irekitzen saiatu gabe bizitzea, hain justu horrek bermatzen du elkarri egiten diogun minak etengabe iraun dezan. Garaian garaiko arazoez arduratu behar gara, eta konprometitu.

B. D. Kapitalismoak arrakasta eduki du, esaten digunean: «Zuk ezin duzu ezer egin, zoaz eta jarraitu berriketan; zoaz eta kontsumitu, zoaz eta izan zaitez kapitalismoak izan nahi duena». Irailaren 11ko atentatuen ondoren mezu hori argi eta garbi sumatu zitekeen, mezu isila, egunero, uneoro: «zuk ezin duzu ezer egin, utzi dena gure eskuetan, salbu kontsumitu». Aldiz, jendeak leihoak eta ateak irekitzen dituenean aurrera egiten dugu, eta zoragarria da, zeren benetan inork ez du bizi nahi ukazio moduan, dagokizun une historikoa bizitzen ari ez zaren sentsazioarekin, erabateko alienazioan.

«Irakasten dut, beraz justizia sozialaz arduratzen naiz». Bill Ayers pedagogo ezaguna bilakatu da AEBetako hezkuntzaren munduan; Lehen Hezkuntzako irakaskuntzaren teoriko, AEBetako Hezkuntza Erreformak diseinatu eta sustatzeaz gain Chicagoko Illinois Unibertsitateko irakasle da. Liburu ugari idatzi ditu askatasun pertsonalari eta justizia sozialari lotuta doazen irakaskuntzaren eta hezkuntzaren inguruan. Horietariko bat ‘To teach: the journey, in comics’ (‘Enseñar: el viaje en comic’, Ed. Morata), berriki argitaratua izan da gaztelaniaz.

Irakaskuntzan lan egiteari ekin zenion garai hartan. Pedagogian aditu bihurturik, bizitza eman duzu heziketa mota baten alde, hain zuzen, askatasun pertsonala, arraza integrazioa eta justizia soziala babesten dituen heziketaren alde.
B. A.Irakaskuntza eta justizia soziala, biak ala biak geruza ezberdinak dauzkaten terminoak dira, biak gehiago baitira prozesu helmuga baino. Justizia sozialak benetan zera esan nahi du: gizakiak garai ezberdinetan, leku ezberdinetan, testuinguru arras ezberdinetan askotariko estrategia eta taktikak erabiliz, ahalegintzen dira lortzeko berdintasun gehiago, errekonozimendu gehiago, irispide gehiago, jasangarritasun gehiago. Hori guztia ez da bat-batean lortzen duzun ‘gauza bat’, baizik eta zure bizitza horren alde ematen duzu, aukeratzen duzun norabide bat da. Halaber, irakaskuntza ezberdina da leku ezberdinetan. Demokrazia batean, edo demokraziarantz bideratu nahi duen herrialde batean, edo gizarte libre bat izan nahi duen herriaren kasuan, irakaskuntza eta justizia soziala eskutik doaz, irakaskuntza beti baita ateak zabaltzea, perspektibak areagotzea, adimena zabaltzea. Eta justizia soziala beti da aukera gehiagoren alde egitea, parte-hartze gehiagoren alde, konpromiso gehiago. Elkarrekin doaz irakaskuntza eta justizia soziala. Inoiz ez ditut bereizi. Irakasten dut, beraz justizia sozialaz arduratzen naiz.

Chicagoko Eskolen Erreformaren bultzatzaileetako bat izan zinen 1980an. 500 eskolek osatzen zuten sistemaren erreforma zertan zetzan?
B. A. 80ko hamarkadan, Chicagon geneukan eskola-hezkuntza sistema handiaren zuzendaritza jende zuri eta aberatsaren eskuetan zegoen; eskoletako ikasleak, ordea, gehienak ziren afroamerikar pobreak edo Latinoamerikatik etorritako immigrante berriak; beraz, hiri aberats batean eskolako biztanleria pobrea genuen. Hezkuntza sistema zapaltzaile bat zen, ez zizkien ateak irekitzen haurrei, ezta inolako aukerarik ematen ere. Sistema kolonialaren ezaugarriak zituen egitura hark. Eta erreforma planteatu genuen zentzu honetan: eman diezaiogun erkidegoari berari eskolen gidaritza, ipini ditzagun eskolak burokrazia erraldoiaren eskuetatik kanpo eta jendeak berak gida dezala eskola sistema. Hala, 500 eskola haietariko bakoitza zuzendaritza batzorde batek gidatuko zuen, zortzi gurasok, bi irakaslek eta auzoetako bi ordezkarik osatutako batzorde batek. Bai gauza ederra! Aldaketa ezarri bezain pronto, bi gauza gertatu ziren: bata, eskola batzorde hauek eskolako zuzendaria kontratatzeko ahalmena zutenez, bi urteren buruan, eskoletako zuzendariak gero eta gehiago ziren beltzak eta gazteak, zuriak eta zaharrak barik. Bigarren ondorioa: eskola batzordeek aurrekontuen kontrola zeukatenez, hiru mila irakasle berri kontratatu zituzten. Dirua burokraziaren eskuetan zegoenean, administratzaileak eta burokratak kontratatzen zituzten, dirua administrazioan bertan gastatzen zuten! Aldiz, eskoletarako aurrekontuen kontrola jendearen esku ipini zenean kontratatu zituzten irakasle espezializatuak, pedagogoak, haur eskoletarako laguntzaileak, beharrezko materialak erosi zituzten, arteak eta kirolak sustatu zituzten. Jendea ez da tuntuna. Alde horretatik erreforma arrakastatsua izan zen, eta baita beste alde honetatik ere: eskola batzordeetarako hauteskundeak zeudenean, AEBetako afroamerikar boto-emaile kopururik handiena genuen, bat-batean eskola batzordeetan 6.000 ordezkari beltz genituen. Horrek guztiak bai eskoletako bizitza, bai gurasoen bizitza aldatu zituen. Ahalegin handia izan zen erreforma hura aurrera ateratzea, esperientzia itzela. Gaur egun, Chicagoko alkateak erreforma atzera bota du, bere kontrola eta boterea bermatu nahi duelako. Eskola Batzordeak existitzen badira ere, ez daukate hasieran zuten ahalmenik. Arazoak bere horretan dirau, beraz, borroka ez da bukatu, oraindik erdibidean gara.

Hezkuntzan, Summerhill eskolaren (A.S. Neill) urratsei jarraituz, kooperazioa eta lankidetza sustatu dituzu, bai zure liburuetan, bai zure eguneroko jardunean eskolan, unibertsitatean, hain justu Mendebaldeko gizarteak oro har babesten duen lehiakortasunaren kontrako bidetik.
B. A. Soilik hein batean jarraitu diot Summerhilli. Gaztea nintzenean bai, Summerhill inspirazio iturri izan zen, baina aldi berean Summerhill problematikoa da bere proiektuari dagokion neurrian. Orain zera diot, gizarte libre batean, demokrazia batean, heziketa oinarritu beharko genuke printzipio honetan: gizaki oro balio neurtezinekoa da, guztiok gara baliotsuak, eta horrek esan nahi du gutariko edozeinen garapenaren baldintza izan behar duela gu guztion garapen gorena. Horretarako, AEBetan behintzat, birpentsatu behar da eskolaratze eta hezkuntza proiektua, zeinaren funtsa azterketak diren, non «lan egiteak» esan nahi duen azterketak egiteko prestatzea. Eta nik hori arbuiatu dut, hezkuntza azterketen bidez neurtzea. Aldi berean, hezkuntza proiektuaren barruan espazio publikoa desegiten eta hondatzen ari dira pribatizazioaren mesedetan, irakasleen ahots kolektiboa ezabatu nahi da. Eta borroka latz batean murgilduta gaude irakasleen ahots kolektiboaren alde, pribatizazioaren aurka, hezkuntza azterketak baino zerbait gehiago delako ideiaren alde. Chicagoko haur pobreentzat behar ditugun eskolak hain justu boteretsuek eta aberatsek dituzten eskolak bezalakoak dira: baliabide ugariko, gela bakoitzeko haur kopuru urriko, artearen eta kirolaren sustatzaile, etorkizun zabaleko.

Haurrak eta gazteak etiketatu eta sailkatzen dituen heziketaren aurka ere idatzi duzu.
B. A. Ohitura toxiko bat garatu dugu: haurrak beren ‘gabezien’ edo egin ezin dutenaren arabera sailkatzeko ohitura. Haurrek egin ahal dutenaz aritu beharrean, haurren aukerak eta pasioak babestu eta azpimarratu beharrean, haien ezintasun edota ‘akatsei’ etiketak ipintzen obsesionatu gara. Uste dut etiketatze horren ondorioz haurrak eta familiak hondatzen ari direla. Sailkatze hau guztia goitik diseinatuta datorren zerbait da AEBetan, ADH-a barne, (ADH edo atentzio defizita eta hiperaktibitatea) asmaketa berria baita, duela 50 urte ez zen existitzen. Kontua da sailkatze eta etiketatzea areagotu egin dela neurrigabe. AEBetan milioika haur ditugu botikak hartzen ADH delakoa prebenitzeko; bi urteko haurrak botikak hartzen ari dira ADH daukatela esan dietelako. Katastrofe bat da, aizu, immorala eta amorragarria.

Eskolek fabrika dirudite…
B. A. Halaxe da, bai. Izan ere, batxilergo eskolek AEBetan XIX. mendeko fabrikak dirudite, balizko fabriketarako langileak produzitzen dituztenak. Munduak eboluzionatu egin du, ordea, eta egungo hezkuntza ez dator bat industrializazio garaiko ereduarekin. Hala ere, zerbait egin dezakegu! ‘Fabrika hauetan’ gure haurrek duten esperientziaz, edota frustrazioaz hitz egin dezakegu, ikasgaitzat hartu, elkarrizketa gai bihurtu hori guztia. Finean, seme-alabak munduratu ditugun gurasoak gara eta askotan aurkitu dugu geure burua mundu honen aurka egiten, telebistaren aurka egiten, egokitu zaizkien irakasleen aurka egiten, liburu askoren aurka ere egin izan dugu, batek daki zenbat gauzen aurka egin dugun! Behintzat horrek esan nahi du komunikaziorako eta heziketarako oinarri aberatsa dugula. Mundua den bezalakoa ez baita inoiz onargarri, beti da gazteagoekin hitz egin eta lantzeko modukoa. Nolabait, guztiok gatoz hezkuntza sistema kaskar batetik, guztiok markatu gintuena. Guztiok gara gizartearen produktuak, eta jarrera akastunak ezarri bazaizkigu ere, borrokan jarraitzen dugu gure haurrentzat desiratzen dugunaren alde. Gainera, entzun egin behar diegu; nola ikusten dute mundua? Alternatibak eskainiz, aldez aurretiko egiak zalantzan jarriz. Gure haurrekin denbora ematea gauzak birpentsatzeko aukera zoragarria da.

B. D. Horri guztiari gehitu behar zaio Erakunde Publikoen diseinua birdefinitzeko estrategia neoliberala, zeinak nahi duen eskola publikoak elizaren eskuetan edo diruaren eskuetan egon daitezen, gure egungo beharretara ez daitezen egokitu, dirurik ipini gabe Hezkuntza eta Osasun Sailean. Estrategia global baten barruan ikusi behar da hori guztia: proba dezagun hau Afrikan, gero Europan eta gero, azkenik, AEBetan. Noski, jendea estrategia horren aurka ari da mundu osoan zehar hezkuntza funtsezko gaia delako. Aldi berean, uste dut, egoera akademikoak eraginda gurasoak apalduta, burumakur dabiltzala. Sentitzen baitute beren haurrek nota txarrak lortuz gero, eskolan aurrera ez eginda, ez dutela lan on bat aurkituko, ez direla gizartean egokituko, eta hala, azterketa sisteman erabat murgiltzen dira. «Irabazlea zara edo galtzailea zara» ideiak ez luke tokirik eduki behar demokrazia batean, baina, AEBetako hezkuntza sisteman gero eta gehiago da «irabazleak edo galtzaileak», hau da, irabazle oso gutxi eta galtzaile pila bat. Arbuiatu behar dugun ideia da horixe, zerbait hobea aldarrikatu demokrazia baterako.

Irakasleei zuzenduak daude idatzi dituzun liburuetako batzuk .‘Teaching the Taboo: Courage and Imagination in the Classroom’ (Tabuak irakasten: irudimena eta ausardia ikasgelan) izenekoan diozun moduan, «egungo irakasle askok irakaskuntza zerbait indartsu eta berebiziko nahi dute baina askotan hezkuntza sistemak ez die aukera gehiegi ematen, eta obedientzia eta konformismoa irakasten bukatzen dute, lanbidean hain errotua dagoen desmoralizazioa eta zinismoa areagotuz».
B. A. Behin eta berriz aurkitzen ditugu etsita dauden irakasleak, are zinismoz gainezka dabiltzan asko eta asko. Hala ere, ez al zen antzekorik gertatzen zu zeu eskolara joaten zinenean? Ni joaten nintzenean behintzat obedientzia saritzen zen, eta irudimena eta ekimena baztertu. Horixe baita autoritarismoaren bereizgarri. Baina obedientziaren izenean hiper-heziketa ematen denean, ez da gauza onik sortzen. Guk ‘tabuak irakastea’ genioenean, esan nahi genuen curriculum zentzuan agian ezagutza guztia dela interesgarri, baina aldi berean, baita aspergarria ere. Ordea, curriculum horretatik kanpo geratzen dena ez da ‘aspergarri’, baina askotan tabu da. Besteak beste, tabua irakasteak esan nahi du galdegitea: zeintzuk dira beste aukerak? Politika sozialek nori egiten diote mesede? Nork sufritzen du? Nor da baztertua? Nork hartu zituen erabakiak? Tabua irakasteak zera ere esan nahi du: zer mundu mota nahi dugu XXI. menderako? Zerk bereizten du gaurko mundua XV. mendeko mundutik? Galdera mota hauek egitean, tabuak eztabaidatzeaz gain jendeari ematen zaio adimena zabaltzeko aukera.

Krisia dela eta hezkuntzak murrizketak jasaten ditu hemen, irakaskuntzak bereziki nabaritu dituen murrizketak . Zer esango zenieke aurrekontu urriekin eguneroko lana atera behar duten hezitzaileei?
B. A. AEBetako gure demokraziaren inperfekzioaren ezaugarri bat da korporazio handien kontrolpean dagoela, eta ondorioz, ez du demokrazia partizipatibo bezala funtzionatzen. Behin hori esanda (hezkuntza sisteman daukan eraginagatik), nire esperientzian oinarrituta, eskoletan haur gehiegi daude, baliabide gutxiegi, denbora nahikorik ez, babes nahikorik ez; baldintza horietan eman ohi da irakaskuntza. Bi gauza egin daitezke: irakasleek, egoera horretaz kexatu beharrean, daukaten gutxi horri probetxua atera behar diote, eta harrigarria bada ere, gauza ugari egin ditzakete. Gure semea Kalifornian dabil irakasle, auzo pobre batean, ghetto batean, hain zuzen ikasgela trailer bat da, baina gauza magikoak egiten ditu ikasgela horretan. Alde batetik, semeak esan lezake, «goiko madarikatuok, ez didate baliabiderik ematen»; bestetik, esan lezake, «gaur erosi ditudan egunkariak hartu, moztu eta hau eta bestea egin dugu». Beraz, herritar garen aldetik eskuzabaltasunez eta zuzentasunez jardun behar dugu eta irakasle garen aldetik sindikatuen bidez antolatu eta ekin. Irakasle bakoitzak, guraso bakoitzak, egiten ari dena baino gehiago egin dezake bihar bertan, ikasgela kaskar horretan, dauden baliabide urriak hartuta, baita gurasoak eta haurrak eskutik hartu ere.

«Emantzipatu zeuon buruak esklabotza mentaletik...», dio Bob Marleyk ‘Redemption song’-en, hain zuzen, zuk maiz aipatu izan duzun esaldia. Heziketa, askatasunerako bidea?
B. A. Bai. Heziketak, edonon eta edonoiz dela ere, ahalbidetzen baitio jendeari bere buruaz biziki kontziente izaten, askatasunerako bidean jartzen du. Bob Marleyren hitz horiek izugarri gustatzen zaizkit, eta ildo horretatik doaz, esaten baitute: zuek zeuon buruak emantzipatu esklabotza mentaletik, ez du esaten «itxoin erregea edo presidentea etor dadin zu zeu emantzipatzeko». Ez, guk geuk baino ezin ditugu geure buruak askatu, guk egin behar dugu. Eta herritar konprometituak, iraultzaileak, erradikalak eta bizitza moralki bizi nahi dugunak garen heinean, argi eduki behar dugu ezin dugula itxaron beste norbaitek gauzak hobetu ditzan, saiatu egin behar gara, agian ez dugu lortuko baina behintzat saiatu gara. Guk nahi dugun gizartea lortzeko emakume eta gizon gisa berreraiki behar gara, horrek esan nahi du, ez behin, baizik eta egunero saiatu behar garela. AEBetako ezkertiar aspergarrienek esan ohi dute: iraultza iristen den egunean izugarria izango da. Eta nik diot; tentel hutsa zara, ez da izugarria izango, ez zarelako prest egongo, eta galdu egingo duzu. Ez zarelako saiatzen. Horrela sentitzen dut nik.