NAIZ
IRUÑEA

Iruñerriko Herri Harresiak elkartasun afari bat eta ‘kantuz libre’ ekimena antolatuko du

Abenduaren 26an, Iruñerriko Herri Harresiak 1.000 lagunentzako herri afari bat eta Tximeletak eta artista gonbidatu ugarik gidatutako ‘Kantuz Libre’ musika ikuskizuna ospatuko du Atarrabian, egun bat beranduago ospatuko den Hatortxu Rock karpan. Segiko kide izatea leporatuta, Madrilen epaituak izaten ari diren 28 gazteen familiei laguntzeko asmoz burutuko da ekimena.

Iruñean, Gobernuaren Ordezkaritzaren aurrean, kontzentrazioa eta prentsaurrekoa eman du Iruñerriko Herri Harresiak. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)
Iruñean, Gobernuaren Ordezkaritzaren aurrean, kontzentrazioa eta prentsaurrekoa eman du Iruñerriko Herri Harresiak. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

Iruñerriko Herri Harresiak bere hurrengo ekimenaren berri eman du Iruñeko Gobernu Ordezkaritzaren aurrean eman duen prentsaurrekoan. Ekitaldiaren barrenean 1.000 kiderentzako herri afaria antolatuko dute eta afalostean, zozketa «berezi» bat eta gero, ‘Kantuz libre’ musika ikuskizuna eskainiko du Tximeleta taldeak hainbat aurpegi ezagunek lagunduta.

Azaldu dutenez, 4.000 euro inguru gastatuko ditu Segiko kide izatea leporatuta epaitua izaten ari den gazte bakoitzak. Gastu honekin laguntze aldera, ekimen honetan biltzen den diru guztia familia horientzat izanen direla aurreratu dute.

Ekimena egun bat beranduago ospatuko den Hatortxu Rock jaialdiaren karpan burutuko da, honen azpiegitura aprobetxatuz. Hau dela eta, eskerrak eman nahi izan dizkiote elkartasun musika jaialdiari «keinu laranja honekin, beste ukitu solidario ba gehitzeagatik».

Azkenik, jendea «laranjaz blaitzen jarraitzera» gonbidatu dute, «jazrpen politikoaren behin betiko bukaera dakarren bloke demokratiko bat eraikitzen joateko».