NAIZ
IRUÑEA

UPNren larunbateko kontseilu politikoa atzeratzea baztertu du Yolanda Barcinak

Nafarroako Gobernuko eta UPNko buru Yolanda Barcinak baieztatu egin du larunbatean bilduko dela alderdiaren kontseilu politikoa. Bilera atzeratzeko eskatzeko Alberto Catalan, Amelia Salanueva eta Juan Ramon Rabadek igorri duten idatzia jaso ez duela gaineratu du.

Yolanda Barcina, asteartean, Parlamentuan. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Yolanda Barcina, asteartean, Parlamentuan. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Parlamentuko oso bilkuraren aurretik kazetariekin mintzatu da Barcina eta, esan duenez, komunikabideen bitartez jakin du UPNren zerrendaburu izateko hautagaiek –Jose Javier Esparza salbu– igorritako gutunaz. Estatutuak eta aurreikusitako epeak «zehaztasunez» betetzen ari direla gaineratu du.

«Hautagai gisa aurkeztu zirenean, denek zekiten 29an kontseilu politikoa daukagula eta hori hasieratik dago aktetan», azpimarratu du Barcinak.

Era berean, Bermeen Batzordeak egin asmo duen batzarrean ezer aldatuko ez dela eta kontseilu politikoa larunbatean egingo dela nabarmendu du UPNko buruak.