@iontelleria
Bilbo

1.292ko oinarria abiapuntu, mugarik gabe hazteari ekingo dio .EUS domeinuak

92 izan ziren aitzindariak, 1.200 gehiago abiarazte aldian batu direnak eta oinarri horretatik mugarik gabe hazteari ekingo dio, orain, .EUS domeinuak. Bilboko aurkezpen ekitaldian bide luzean izan den elkarlana goraipatu dute hizlari denek. Josu Waliño Puntueus Fundazioaren zuzendariak egindakoa gogoratu eta orain mugarik gabe «zerura» doan egitasmoa dela adierazi du.

Internetez jarraitu dutenak agurtuz amaitu da aurkezpena. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)
Internetez jarraitu dutenak agurtuz amaitu da aurkezpena. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)

Urteetako lanaren fruitua eskutan, mundura jalgi da gaur .EUS domeinua, euskararen eta bere kulturaren izena interneten. Iazko ekainean onartu zuen ICANN batzordeak domeinu berriaren abiaraztea eta urtebetera euskarari eta bere herriari abizena jarri zioten interneten 92 aitzindarik. Hazte prozesuan Puntueus Fundazioak «abiarazte aldia» deiturikoa garatu du azken hilabeteotan eta 1.200 elkarte, enpresa, erakunde eta eragile batu da euskararen domeinura. Oinarri hortatik abiatuta, gaurtik aurrera, 2014ko abenduaren 3ko 14.00etatik aurrera, mundura jauzi egin du domeinu berriak; bere izaerarekin bat egiten duen edonork bat egin ahalko baitu aurrerantzean.

Josu Waliño Puntueus Fundazioaren zuzendariak «zerura» doan «abentura berri bat» dela adierazi du. Orain arte domeinua erabiltzeko urratsa eman dutenen artean %95 Euskal Herriko entitateak dira eta %5 kanpokoak, euskarari edo euskal kulturari loturikoak dira %19 eta enpresak %28 eta %36 erakunde publikoak. Bilboko EiTBren egoitzan munduratzea ospatzeko bildu direnen aurrean gogoratu du Waliñok domeinuaren helburua «komunitate guztiarena bihurtzea» dela eta «inklusiboa» izan asmo duela.

Maddalen Iriarte kazetariak gidatu du aurkezpen saioa, zorion mezuak izan dira nagusi eta lehen 1.292 .EUS domeinuen izenak erakutsi dituzte pantailan. Sustrai Colinak bertsotan zehaztu du interneteko abizenak dakarrena: «Munduan bizi gaitezen, besteekin 'ta besteen pare / izanez 'ta izateko, baimenik eskatu gabe».

Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak ere parte hartu du ekitaldian eta domeinuak «euskararen eta Euskadi globalaren etorkizuna» adierazten duela esan du. Bere hitz hartzean ekimen hau abiatu zuten 60 elkarteen elkarlana goraipatu du.

Bide luze eta komunari gorazarre

Askok eta maiz aipatu dute domeinuaren hedapena lortu arteko prozesua. 2008an sortu zuten PuntuEUS elkartea, inork gutxik, eta inoiz gutxitan, lortutako batasunarekin gainera. EiTB, ‘Berria’, GARA eta Noticias taldeak; EHU, Mondragon, UEU, Deustu eta Nevadako (CBS) unibertsitateak; Ikastolen Konfederazioa, Partaide, Elhuyar, Elkar, Txistulari Elkartea, Euskaltel fundazioa eta Eusko Ikaskuntza ziren hor, besteak beste.

Urtebetera domeinua sortzeko asmoa iragarri zuten sustatzaileek, 25.000 atxikimendu jaso zituzten eta 2012an ireki zuen ICANN erakundeak eskaria aurkezteko aukera. Hori bideratuko zuen fundazioa sortu eta 2013ko ekainean iritsi zen albistea: .EUS posible izango zen.

Luzea izan da orain artekoa baina hasi, hasi, orain egingo da. Gaurko 14.00etatik aurrera honen izaerarekin bat egiten duen edonork baliatu ahalko du .EUS domeinua eta beraz, euskara eta bere herria sarean eta munduan hedatzeko tenorea da orain, mugarik gabe haztekoa.