NAIZ
DONOSTIA

Hizkuntzak kalera salto egitea, Euskararen Egunean aldarri

Euskararen Egunean Euskal Herriko instituzio desberdinek hizkuntzaren erabilera sustatzeko deialdia luzatu dute, urtero moduan. Honen isla, euskara 365 egunez erabiltzea eta internet bidezko promozioa izan dira aldarri nagusiak. Azken hau .EUS domeinuaren kanpainaren bitartez.

´Euskara 365 egun´ muralaren osaketa Donostiako San Telmo museoaren kanpoaldean (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)
´Euskara 365 egun´ muralaren osaketa Donostiako San Telmo museoaren kanpoaldean (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)

«Euskarak 365 egun». Hau izaten ari da gaurko eguneko esaldirik entzunena. Euskararen Nazioarteko Egunean euskal hizkuntzaren erabilera bultzatzeko hainbat ekimen burutu dira, eta horien artean instituzio desberdinek euskarak kalean duen erabilera indartzeko deia luzatu dute.

Kaleko erabileraz gain, garrantzi handia hartu du sareak. Honen harira, Bilbon egindako ekitaldi batean, .EUS domeinua martxan jarri dute 1.200 webgunek, ekainean aitzindariak izan ziren 92ei batuz. Bertan izan da Iñigo Urkullu lehendakaria, zeinek ekimen honen bidez euskara «nazioartera zabaltzen» ari dela azpimarratu duen. Ildo beretik, Lakuak jakinarazi du 774.000 euro bideratuko dituela justizia langileei «euren lana euskara hutsean egiteko aukera izan dezaten». Bestetik, Kontsumobidek, Kontsumoaren Institutoak, zerbitzu elebiduna eskaintzeko plana aurkeztu du.

Bilboko Udalak, bere aldetik, Kafe Antzokia eta Itoiz taldea omendu nahi izan ditu, hirian euskara erabiltzeko biek ala biek suposatu dutena eskertu nahian. Gasteizen, modu berean, Udalak euskara «gizartearen arlo guztietara zabaltzea» du helburu.

Juan Karlos Izagirrek, Donostiako alkateak, gazteen garrantzia azpimarratu du, «guztion ondasuna den» hizkuntzaren biziraupena ziurtatze aldera, egunero erabili eta «ondorengoei helarazteko» konpromezua hartuz. Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Martin Garitanok, berdin, hizkuntza bat bizirik «dakitenek erabiltzen dutenean» dagoela ohartarazi du.

Hauetaz gain, Sareuska proiektuaren Mintzodromoak 120 pertsona elkartu ditu Irunen. Bertan, Nafarroa, Lapurdi eta Gipuzkoako euskara ikasleek gai eta ekimen desberdinak jorratu dituzte Estitxu Fernandezek gidatuta. «Euskararen alde egiten den guztiak garrantzia du, badakigu zein den bere egoera», zehaztu du Fernandezek Mintzodromoaren garrantzia goraipatzearekin batera.