naiz
GERNIKA

‘Jone Libre’ ekimenak atxiloketaren «modu ulertezina» nabarmendu du Gernikan

Asteburuan Gernikari kolorea eman dion laranja harturik, ‘Jone Libre’ ekimenak «Jone Amezagaren atxiloketaren ulertezina» balorazioa burutu du. Atxiloketan Ertzaintzak izan duen «jokabide bortitza ezin sinetsi» daudela adierazi dute. Era berean, manifestaldia burutu dute Gernikako kaleetan barrena.

Jone Amezagaren atxiloketa salatzeko manifestaldia. (@mugarteburu)
Jone Amezagaren atxiloketa salatzeko manifestaldia. (@mugarteburu)

‘Jone Libre’ ekimenak Ertzaintzak gaur goizean burutu duen Jone Amezagaren atxiloketa salatu nahi zian du asteburuan zehar «herri libre» izan den Gernikan. Protestarekin batera, atxiloketaren «bortizkeria» ere adierazi nahi izan dute.

Zentzu honetan, Gasteizko Legebiltzarreko Barne Saila egin dute arduradun nagusi: «Jone bahitu diguten unean kalteturik egon ez dela esan dute. 94 urteko emakume batek eskua apurtu du Ertzaintzaren bultzakada baten ondorioz», azpimarratu dute. Honetaz gain, beste emakume bat saihetsean kolpeak zituela-eta ospitalean izan dela eta beste hainbat zauritu ere izan direla baieztatu dute. 

Gernikak jasan zuen beste eraso bat ekarri dute gogora. «Merkatu plazan atxilotu dute. Orain dela 77 urte Condor Legioak bonbardatu zuten leku berean». Era berean, kalez jantzitako ertzainek borra hedagarriak erabili dituztela nabarmendu nahi izan dute.

Bestalde, Iñigo Urkulluren Gobernua erantzule egitearekin batera, jakinarazi dute EAJk gobernatzen dituen bi udalek, Errigoitik eta Kortezubik, «bilatze eta atxilotze agindua eteteko» eskatu zutela.

Bizitza publikoa egiteko asmoarekin atera da kalera Amezaga gaur goizean, eta Merkatu plazan atxilotu du poliziak. Jone Libre ekimenak adierazi duenez, «ez zen irudi hau eman nahi» eta barkamena eskatu nahi izan diete merkatuan ibili diren saltzaile zein erosleei.

Amaitzeko eskerrak eman nahi izan dizkiete «Joneri babesa agertu dion jende guztiari».

Bestalde, 20.00etan manifestazioa abiatu da Gernikako Merkurio plazatik. Ekimenak jakitera eman duenez, 1000 pertsonatik gora elkartu dira bertan.

Bihar, 18.00ean, agerraldi masiboa deitu dute balorazio orokor bat zabaltzeko.