naiz
Donostia

Urkulluren politikarekin bi urte galdu direla iritzi du EH Bilduk

EH Bilduk Urkulluren lehendakaritzako lehen bi urteen balorazioa egin du, hauek «politikoki galduak» direla adieraziz. Euskal Herriak bizi duen testuinguru «sozial, ekonomiko eta politikoan» garrantzitsuak beharko luketen 24 hilabete galdu direla iritzi du koalizioak.

El lehendakari, Iñigo Urkullu, en el Parlamento de Gasteiz. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)
El lehendakari, Iñigo Urkullu, en el Parlamento de Gasteiz. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)

«Urkulluk egin duen politikarekin bi urte galdu dira: lidergo gabeko eta alternatiba erreal gabeko ondorioa da bi urte galtzea» adierazi du EH Bildu koalizioak Iñigo Urkulluren lehendakaritzaren lehen bi urteen balorazioa egiterakoan.

Zentzu honetan, Euskal Herriarentzako bereziki garrantzitsuak ziren bi urte izan direla uste du koalizioak. «Bakegintzan, erabakitzeko eskubidean eta arlo sozio ekonomikoan» pausorik eman ez dela azpimarratu dute. Hau dela eta Urkulluren gobernuak eta «bere ereduak» porrot egin duela adierazi dute. Era berean, gizarteari gauzak agindu baina ez betetzea leporatu diote.

«Rajoy eta Urkullu gizarteari sinestarazi nahian ari dira egoera aldatzen ari dela onerako, baina pobretutako gizarte baten aurrean gaude», defendatu dute. Horregatik «desberdintasuna sortzen duen ereduaren porrota» dela adierazi dute, EAJ erantzule zuzen eginez.

Honi aurre egiteko, «eztabaida bere osotasunean eta beharrezkoa diren foro guztietan ematea» helburu dutela gehitu dute. Gaur egun, ordea, gizartearen aurrean «biluzik eta eskaintzarik ez duen» lehendakari gisa agertzen dela ulertzen du koalizioak.