NAIZ
BAIONA

Lurralde aitortza eta euskara aldarri, hamabost bide seinale jarri ditu Aitzinak errepideetan

Ipar Euskal Herriarentzako aitortza instituzionala eskatu eta euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko, hamabost puntutan bide seinaleak jarri ditu Aitzina gazte erakundeak. Uztailean frantses hutsean zeuden seinaleak kenduta hasi zuten dinamikarekin lotuta dago ekintza.

Iragan uztailean frantses hutsean zeuden zenbait bide seinale kendu eta trenez Parisera bidali zituen Aitzina gazte erakundeak, Ipar Euskal Herriarentzako aitortza eskatu eta euskararen ofizaltasuna galdegiteko.

Estatuak, ordea, atxiloketekin eta lokalen miaketarekin erantzun dio Aitzinak «legitimo» jo duen ekimen horri.

Gaurkoan, aldiz, dinamika horren bukaera gisa ekintza berri bat burutu dute gazteek. Goizean goizetik palak eskuan hartuta, errepideetan euskara hutsean idatzitako hamabost bide seinale jarri dituzte, Euskal Herriaren eta Estatu frantsesaren arteko mugak eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoaren artekoak markatuz.

Adibidez, Biarno eta Euskal Herriaren eta Landen eta Euskal Herriare arteko mugetan jarri dituzte seinaleetako bi.

«Frantziak ez gaitu ezagutu nahi, ongi etorri Euskal Herrira!», aldarrikatu dute. 

Landetako mugan egindako hitzartzean, Koldo Etxegarai Aitzinako kideak nabarmendu du Ipar Euskal Herriak hizkuntza, kultura edo nortasun berezia izateaz gain, «behar sozioekonomiko berezituak» dituela, baina Administrazio frantses «zentralizatuak» ez ditu behar horiek kontuan hartzen. «Turismoaren eredu ekonomiko bakarra inposatzen digu Parisek, Ipar Euskal Herriak beste baliabiderik ez duela sinestaraziz gainera. Zerbitzuen sektorea areagotu eta laborantza edota arrantza alde batera utzi nahi ditu eredu horrek, gazteentzako suposatzen dituen sarraskiekin: sasoineko lan prekarioa, lurralde garapen desegokiak eragindako barnekaldearen desertifikazioa, etab.», salatu du.

Egoera hori iraultzeko Aintzinak irtenbide bakarra ikusten du: «lokalki erabaki eta ekitea», eta horretarako Ipar Euskal Herriaren ezagutza instituzionala beharrezkoa jotzen badu ere, tokian tokiko alternatiba sortzea ere ezinbestekotzat ikusten du.