NAIZ
bilbo

Iñigo Cabacas Gogoan: «Erabakiak Iñigo bezalako hildako gehiago egotea baimentzen du»

Iñigo Cabacas herri ekimenak gomazko piloten debekua eskatu du. Atzoko erabakiak, aldiz, «Cabacas bezalako hildako gehiago egotea baimendu» egiten duela aldarrikatu dute.

Iñigo Cabacasen gurasoak, atzo Parlamentuan. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Iñigo Cabacasen gurasoak, atzo Parlamentuan. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)

«Lotsagarria, iraingarria eta ulertezina» bezala definitu du Iñigo Cabacas herri ekimenak atzo Gasteizeko Parlamentuan EAJ, PP, PSE eta UPyDk hartutako erabakia, non gomazko pilotak ez zituzten debekatu.

Agiri baten bidez, piloten biktimekin gertatutakoa berriro errepika ez dadin berme bakarra piloten erabilpenaren debekua dela aldarrikatu dute. «Aurpegia zuritzeko asmoarekin egindakoak da, baina etorkizunean Iñigo bezalako hildako gehiago egotea argiki baimentzen du», adierazi dute. Honen aurrean «konpromiso politiko falta» dagoela salatu dute. 

Zentzu honetan, gogora ekarri dute asteazkenean gomazko pilotek kaltetutakoek eskainitako prentsaurrekoa, non Cabacasena azken heriotza izatea eskatu zuten. Era berean, haienak egin dituzte Manu Cabacasek atzoko erabakia eta gero egin zituen adierazpenak: «Soilik Parlamentu eta Gobernu ergel batek beharko lituzke hildako gehiago akatsa zuzentzeko». «Parlamentu eta Gobernu ergel baten aurrean gaude», azpimarratu dute.

Azkenik, Kataluniako eta Europar Batasunean bezala, gomazko piloten erabilera «guztiz debekatzea» exijitu dute.