NAIZ

Liburuak erosi eta oparitu ostean, irakurtzea helburu

Liburuaren eguna ospatu da gaur Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Asko dira apirilaren 23 hau liburuak erosi edo oparitzeko baliatzen dutenak. Era berean, irakurketa bultzatzeko hainbat ekimen izan dira herri desberdinetan.

Donostian ospatu dute nazioarteko liburuaren eguna. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)
Donostian ospatu dute nazioarteko liburuaren eguna. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)

1616ko apirilaren 22an zendu zen Miguel de Cervantes idazlea eta biharamunean William Shakespeare. Nazioarteko literaturak, honen harira, gaurko eguna izendatu zuen liburuaren eguna bezala eta hala ospatu da Hego Euskal Herrian. 

Iruñean, Carlos III. etorbidean goizeko lehen ordutik kokatu dira liburu saltzaileak. Tartean, Pablo Abarzuza Elkar liburudendako arduraduna: «Liburuarena etengabeko krisian dagoen gramioa da», adierazi du. Hau dela-eta garrantzi berezia eskaini dio gaurko «omenaldiari». Udalak, bestetik, Condestable jauregian prestatu du, urtero moduan, Cervantesen ‘El Quijote’ liburuaren pasarte batzuetako hainbat irakurketa. Bertan egon da Enrique Maya alkatea, zeinek hasiera eman dion ekitaldiari.

Donostian, aldiz, Zilarrezko Euskadi Sariaren irabazleak eman ditu ezagutzera liburu saltzaileen gremioak. Aurtengoan ‘Nire patuko liburua’ idatzi duen Parinoush Saniee iraniarra eta ‘Erraiak’ obraren egilea den Danele Sarriugarte izan dira sarituak. Bai bata zein bestea, maiatzaren 5eti 16ra gipuzkoar hiriburuan ospatuko den Literaktum literatur jaialdian izango dira.

Bizkaitar hiriburuan, bestetik, goizean goizetik Aretzara jede ugari gerturatu da, liburuak zein arroxak erosteko asmoz. Era berean, liburu dendek eta liburutegiek irakurketa saioak egin dituzte han eta hemen.

Azkenik, Gasteizen, udal liburutegiek hainbat ekimen izango dituen programa bat martxan jartzeko erabili dute. Ohikoa den liburuen salmentarako azokaz gain, hitzaldiak, tailerrak edo poesia irakurketak prestatu dituzte bai gaurko hala nola datozen egunetarako ere. Gaur, adibidez, Gonzalo Giner idazlearen hitzaldi bat iragarri dute Ibaiondo liburutegian 19.30ean, eta bihar Koldo Izagirrek eskainiko du, ordu berean, Aldabekoan. Asteburuan, era berean, haurrentzako ekimenak izango dira.

Gaurkoan erosi, saldu eta oparitu egin dira liburuak han eta hemen. Orain, irakurtzea xede.