NAIZ
BAIONA

Azkaraten, Basusarrin eta Biriatun ikastolak irekiko ditu Seaskak heldu den ikasturtean

2015-2016 ikasturterako bi ikastola berri izango dira Lapurdin (Biriatun eta Basusarrin) eta beste bat Nafarroa Beherean, Azkaraten, Seaskak jakinarazi duenez.

Azkarateko ikastolaren egoitzaren aurkezpena. (Bob EDME)
Azkarateko ikastolaren egoitzaren aurkezpena. (Bob EDME)

Azkarateko ikastola berriaren egoitzan egin du Seaskak datorren ikasturtean irekiko dituen zentro berrien aurkezpena. Seaskaren 32. ikastola izango da Azkaratekoa, hain zuzen ere. Paxkal Indo lehendakariak azaldu duenez Nafarroa Beherearen kasuan «lehen aldia da herri batean eskola bakarra ikastola dela».

Azkaratekoaz gain, Biriatun eta Basusarrin ere ikastola bana irekiko du Seaskak 2015-2016, «gurasoen motibazioari esker», Kazeta.eus atariak jaso duenez.

Nafarroa Behereko zentro berriak hamaika ikasle izango ditu hasiera batean, eta kopuru hori igotzen joango da gero.

Azkaraten bezala, Biriatun motibatuak diren guraso batzuek ikastola berria irekitzeko asmoa izan dutela adierazi du. Azken urteetan anitzak dira Biriatutik Urruña edo Hendaiako ikastoletara joan diren haurrak, baina heldu den ikasturtean 5-6 haurrei esker eskola publikoaren ondoan dagoen eraikin pribatu batean kokatuko da ikastola berria.

Basusarrin ere «garapen betean den herria» dela azpimarratu du Indok. Bertan martxan jarritako etxebizitza proiektuek populazioaren hazkundea ekarriko dute. Gaur egun sail elebidunik gabeko eskola publiko bakarra dago. Eskasia horri aurre egiteko, eraikin publiko batean ikastola berria zazpi haurrekin abiatuko da.

Azkarate, Biriatu eta Basusarrikoekin, 34 ikastola izango ditu Seaskak heldu den ikasturtetik aitzina.

Helburua, euskararen aldeko urratsak egitea

Ikastolen elkartea azken hamar urteotan hazkunderik handiena lortu duen hezkuntza sarea da. Hau da, 2014. eta 2004. urteetako sartzeak konparatuz, eskola pribatuak 40 haur galdu dituen bitartean, Seaskak 881 ikasle irabazi ditu. Heldu den ikasturtean 3.300 ikasle baino gehiago izango ditu.

Horretaz gain, eskola publiko eta pribatuan martxan jarritako «murgiltze» sistemaren esperimentazioak emaitza positiboak ondorioztatu ditu. «Helburua ez da ikastolak, publiko eta pribatuaren aitzinean konparatzea, baizik eta denek euskararen aldeko urratsak egitea. Euskarak denen beharra baitu», aldarrikatu du Indok.