NAIZ

Sacha Modolok irabazi du, esprintean, amaierako erorikoak baldintzatu duen etapa

Metatik hiru kilometro pasatxora jazotako eroriko batek baldintzatu du Sacha Modolok (Lampre) garaipena lortu duen etapa. Kontrakoa dioen komunikatu ofizialik ezean, Fabio Aru (Astana) da itzuliko lider berria. [Giroaren inguruko NAIZen webgune berezia]

Sacha Modolo izan da bizkorrena azken esprintean. (@giroditalia)
Sacha Modolo izan da bizkorrena azken esprintean. (@giroditalia)

Esprintean amaitu da, aurreikusi bezala, Montecchio Maggiore eta Jesolo artean lehiatu den Giroko hamahirugarren etapa. Sacha Modolo Lampre taldeko italiarra izan da nagusi, baina etapako irabazlea nor izan den baino garrantzi handiagoa hartu du gaur eman den lider aldaketak.

Helmugarako hiru kilometro pasatxo falta zirenean jazo den erorikoak sailkapen nagusian aldaketak eragin ditu. Alberto Contador (Tinkoff) eta Richie Porte (Sky) tropelaren atzealdean geratu dira, Fabio Aru (Astana) italiarrak erorikoa salbatzea lortu duelarik.

Hala, maglia rosa jantzi du Aruk, Contadorrek 40 segundo galduta. Portek, berriz, bi minutu baino gehiago galdu ditu helmugan.