NAIZ

90.000 kontserba ontzi baino gehiago banatuta itxi du ikasturtea Errigorak

Parte hartzea eta 90.000 kontserba ontzi banatu dituztela goraipatu du Errigorak ikasturtearen amaierarekin. Emaitza hauekin, kontsumitzaile arduratsu gehiago biltzeko lanean jarraituko dutela adierazi dute.

Errigorako produktuen postua. (ERRIGORA)
Errigorako produktuen postua. (ERRIGORA)

Errigorak amaiera jarri dio ikasturteari, eta emaitzak oso onekin gainera. Jakitera eman dutenez, 90.000 kontserba ontzi baino gehiago banatu dituzte. «Ikasturte oparoa izan da aurtengoa Errigorarentzat. Irailean proiektua egonkortu eta sendotzeko erronka jarri genion gure buruari. Ekainean, atzera begiratu eta helburua beteta ikusita, indarberrituta ekingo diogu datorren ikasturtea prestatzeari», azaldu dute ohar baten bidez.

Parte hartzaile kopuruaren igoera nabarmendu dute, udazkeneko kanpainan %50 gehiago elkartuz eta kontserba loteen kasuan %80 haziz. «Baina jende gehiagorengana heltzeaz gain, bereziki azpimarratzekoa iruditzen zaigu aurreko ikasturteko kontsumitzaile arduratsu gehienok aurtengoan ere errepikatu izana», nabarmendu dute.

Ekoizleei dagokienean, kopurua bikoiztu izana ere goraipatu dute. Honela iritsi dira 90.000 kontserba ontzi baino gehiago banatzera. «3.000 etxe inguruk egin du bat kanpainarekin, bataz beste, gure despentsak hiru loterekin betez, urtebetean Nafarroa hegoaldeko zainzuri, orburu, piper, potxa eta menestrarik falta ez dakigun».

Emaitza hauekin, lanean jarraitzeko borondatea azaldu dute. «Milaka kontsumitzaile arduratsu bildu gara jadanik Errigoraren inguruan, baina oraindik asko daukagu egiteko. Ezin diogu utzi jende gehiago erakarri eta pausu berriak emateari», amaitu dute.