Artelanen aukeraketa zabala da gaurtik uztailaren 31ra bitarte Zarauzko Merkatu Plazan ikusgai dagoen erakusketa berria. Buenos Airesen formatu txikian egindako tenperak paperean, azken urtean erakusketa honetarako espreski egindako formatu anitzeko olioak, oraindik erakutsi gabeko hainbat lan, formatu handiko sei eskultura eta Zumetaren ‘Gernika’ ikusgarria dira aretoa kolorez bete duten sorkuntzak.
Orotara, 29 olio mihisean eta 29 tenperaz egindakoak paperean.
«Neguan Buenos Airesen egindako lanak dira formatu txikitan osatutakoak, batez ere ekartzeko errazagoa delako horrela», esan du Zumetak aurkezpenean.
Erakusketa hau iaz Zarauzko Udalak hasitako ‘Artea Merkatuan’ udako ekimenaren barne kokatzen da. ‘Jende asko ibiliko delakoan nago, oso leku herrikoia baita’, gaineratu du.