Ander Perez

Lekeitioko Nazioarteko Kale-Antzerki jaialdia uztailaren 9tik 12ra ospatuko da

Aurtengo edizioaren berrikuntzen artean ‘Kukaikaxa’ ekoizpen propioaren presentzia nagusitzen da, Kukai dantza konpainiaren eta Cesc Gelabert koreografoaren arteko elkarlanean sortua.

Kale-Antzerki jaialdiko antolatzaile eta erakundeetako ordezkariak edizio berriko kartelarekin. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)
Kale-Antzerki jaialdiko antolatzaile eta erakundeetako ordezkariak edizio berriko kartelarekin. (Aritz LOIOLA/ARGAZKI PRESS)

Lekeitioko Nazioarteko Kale-Antzerki jaialdiaren aurtengo edizioa uztailaren 9tik 12ra ospatuko da. Aurtengo jaialdiak hainbat espazio izango ditu herrian zehar, eta lekeitiarrek lau egunetan zehar antolatutako 15 emanaldiez gozatzeko aukera izango dute. Frantziako, Italiako, Poloniako, Herrialde Katalanetako eta Euskal Herritik etorritako artistek elementu eta eszenatografia desberdinez osatutako emanaldiak eskainiko dituzte, gehienak elkarlanean egindako sorkuntzaren ondorioz.

Antolatzaileek aurtengo edizioaren berrikuntzak aurkeztu dituzte. Espazioen artean, herriaren sarreran zabaldu duten «esperimentazio eta gaurko sormenerako» Arragua espazioa nabarmentzen da, non «ez ohiko lau sormen harrigarri» eskainiko diren: Turukutuparen ‘El paseo de Criku’, Archipielen ‘Music Forum’, Izaskun Lapazaren ‘Ehundarak’ eta Antonio Remachado. Bestalde, jaialdiak antzezleku berri bat irekiko du: Abaroa parkea. Lorategiak kale-antzerkia eskainiko du aurtengo edizioan.

Emanaldien artean nabarmenena da jaialdirako Errenteriako Kukai taldeak Cesc Gelabert koreografo katalaluniarrarekin batera sortu duen ‘Kukaikaxa’ ikuskizuna. Lekeitiarrek ere izango dute leku berezia sorkuntza honetan. Sormen prozesuan parte hartzeaz gain, herriko hainbat musikari, dantzari eta herritarrek ikuskizunaren anzezpenean hartuko dute parte.

Antolatzaileen hitzetan, aurten Lekeition martxan jarri dituzten ekoizpen propioak dira jaialdiaren berritzaile jarreraren adierazle. Kale-antzerki berriaren aldeko apustuak jaialdiaren 26. edizioa eman du emaitzatzat.