NAIZ

Seaskaren lizeo berria Baionan kokatuko da, ACBA elkargoak eskaini dizkion lurretan

Paxkal Indok adierazi duenez, Biarritzen ezinezkoa izanda, lizeo berria azken momentuan Euskal Kosta Aturri Hirigunea (ACBA) herri elkargoak eskainitako lurretan kokatuko da. Seaskako lehendakariak lanak 2018an bukatuko direla espero du.

2018an Seaskako bi lizeoak Baionan kokatuko dira. © Gaizka IROZ
2018an Seaskako bi lizeoak Baionan kokatuko dira. © Gaizka IROZ

Paxkal Indok Euskal Irratietan egindako adierazpenetan adierazi du Seaskaren lizeo berria Baionan kokatuko dela, Euskal Kosta Aturri Hiriguneak (ACBA) eskainitako lurretan. Hala ere, argi utzi du Baionan egingo dela beste aukerarik ez dutelako, hasierako helburua lizeo berria Biarritzeko Bairrolhet zelaian kokatzea baitzen.

Seaskako lehendakariak adierazi du hasiera batean eremu hori txikiegia zela, baina lurra handitzea lortu dutela. Lanbide heziketarako lizeoa sortzeaz gain, jantokia eta barnetegia eraikiko dira. Proiektua «azken epeetan» dagoela azaldu du, eta orain Seaskak sei hilabete inguruko lan teknikoa egin behar duela esan du. Eraikitze lanak 2018an bukatuko direla espero du.

«Michel Veunac Biarritzeko alkateak izan ez dituen belarriak izan ditu Euskal Aturri Kosta Hiriguneko presidenteak», Paxkal Indok adierazi duenez.