NAIZ
DONOSTIA

Sakabanaketak eragindako gastuei buruzko txostena eman dio Etxeratek Lakuako Gobernuari

Urtero legez, Etxeratek presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea egin du Loiolako Basilikaren atarian. Arantxa Tapia Lakuako Gobernuko ordezkariari eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiari txosten bana eman diete, dispertsioak eragiten dituen gastuei buruzkoa.

Etxerateko Iñaki Usandizaga, Arantxa Tapia sailburuarekin. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Etxerateko Iñaki Usandizaga, Arantxa Tapia sailburuarekin. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

‘Senideak noizko gure bizitzaren jabe?’ lelopean, elkarretaratzea egin dute hamarka senidek Loiolako Basilikaren atarian.

Iñigo Urkullu lehendakaria Boisen dagoela-eta, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak ordezkatu du Lakuako Gobernua. Berarekin batera izan dira, besteak beste, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Bakartxo Tejeria, Gasteizko Legebiltzarreko presidentea.

Agintariak hurbildu direnean, Etxeraten izenean Fermina Villanueva eta Iñaki Usandizaga gerturatu zaizkie eta dispertsioak eragiten dituen gastu ekonomikoei buruzko seihilekoko txostena eman diete.

Horrekin batera, sakabanaketa politikak eragiten dituen ondorioak aintzat hartu eta harekin bukatzeko ahaleginak egin ditzatela eskatu diete.

Ekitaldian izan den Eneko Etxeberria Azpeitiako alkateak elkartasuna adierazi die elkarretaratzean parte hartzen ari ziren senideei.