NAIZ
BILBO

Basauriko Bridgestonen deitutako lanuzteetan lehena egiten ari dira, jarraipen handiarekin

Bridgestonek Basaurin duen fabrikan abuztu eta irailerako deitutako zortzi greba egunetan lehena dute asteazken honetan, jarraipen handia izaten ari dena, sindikatu deitzaileen arabera. Bihar ere greba eguna egingo dute.

Bridgestonek Basaurin duen fabrikarako deituriko zortzi greba egunetan lehena hasi da asteazken honetako goizeko 6.00etan, eta antolatzaileek adierazi dutenez, jarraipen handia izaten ari da. 860 langile ditu fabrikak.

Gaurko egunaz gain, beste zazpi greba egingo dituzte abuztuaren 6, 19, 20, 31 eta irailaren 1, 10 eta 11an, lan harremanen «degradazioa», negoziazio falta eta zuzendaritzak hitzarmena hainbat aldiz ez bete izana salatzeko.

Multinazionalak Burgos (Estatu espainola), Bari (Italia) eta Bethunen (Frantziar Estatua) dituen fabriken mobilizazioekin bat egin dute honela Basauriko langileek. CCOO sindikatuko bozeramaileek adierazi dutenez, Bizkaiako fabrikaren produkzioa goizean «guztiz geratu da protestak sortutako material falta dela-eta».

Mobilizazio hauek zuzendaritzarekin «elkarrizketa» bilatzea dutela helburu adierazi dute grebaren antolatzaileek, eta greba egiteak «arrazoi ekonomikorik» ez duela zehaztu dute.