NAIZ
BILBO

Bortxaketa saiakera berria izan da Bilboko Aste Nagusian

Erasoa jasan zuen emakumeak erasotzaileari aurre egin izanak ekidin zuen bortxaketa saiakera. Bilboko Konpartsek eta Udalak salatu dute sexu eraso saiakera berria eta arratsalderako 18:00ean Areatzan elkartu dira protesta egiteko. Indarkeria sexistarik gabeko Aste Nagusiaren alde egin dute.

Salaturiko bigarren eraso sexistaren aurrean, konpartsek eta txupinerak deituriko kontzentrazio salaketa. (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)
Salaturiko bigarren eraso sexistaren aurrean, konpartsek eta txupinerak deituriko kontzentrazio salaketa. (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)

Bart arratsaldean, Bilboko Alde Zaharrean neska bat bortxatzen saiatu ziren. Bilboko Konpartsek eta Udalak jakinarazi dute eraso berria. Hauen hitzetan, erasoa jasan zuen emakumeak berak aurre egin zion erasotzaileari, bortxaketa ekidinez.

Protesta bikoitza deitu dute erasoa salatzeko. 18.00etan Areatzan elkarretaratzea deitu dute. «Emakumeon hiritartasun eskubideen kontrako eraso larria. Emakumeon giza eskubideen aurkako eraso gogorra», adierazi dute. Gauerdian, txosnetako musika eten eta kazerolada burutuko dutela iragarri dute.

Salaketa oharrean emakumeak jaiaz eta espazio publikoaz gozatzeko duen eskubidea aldarrikatu dute, «gure gorputza eta gure askatasunaren jabeak garela» eta edozein eraso sexistari «irmoki» erantzuteko konpromisoa berretsi dute.

Ehunka lagun bildu dira protestan. Bertan izan dira, hiritar ugarirekin batera, Itziar Urtasun Berdintasun zinegotzia, beste alderdi batzuetako zinegotziak ere, eta baita Gurutze Beitia pregoilaria eta Oihana Pascual txupinera ere. «Emakumeok gure baliabideak eta gure indarra dugu eta erasotzaileei aurre egiteko ahalmena dugu. Autodefentsa da gure baliabide hoberena. Ez dezagun zalantzarik izan, gogoan izan dezagun, momentu oroan: beldurrari aurre eginez eta gure artean elkartasun sareak indartuz emakumeenganako indarkeri guztiak borrokatzeko eta aurre egiteko gai gara», gehitu dute.

Bestetik, beste hainbat egoera salagarri ematen ari direla ekarri dute gogora. Hauen aurrean ere «jarrera aktiboa» izateko beharra nabarmendu dute. Honela, «erasorik ez, eantzunik gabe» oihu artean, kalea eta gaua ere emakumearenak direla aldarrikatu dute.