NAIZ
DONOSTIA

Irailaren 3tik 13ra ospatuko dira Euskal Jaiak Donostian

Donostiako 2015eko Euskal Jaiak irailaren 3an hasiko dira emakume eta gizonen sailkatze estropadekin eta hamaika ekitaldiz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek irailaren 13ra arte. Aurtengo kartelaren izena ‘Prest’ da eta egilea Zureya Etxarri Zubizarreta donostiarra da.

Alfonso Gurpegui eta Zureya Etxarri prentsaurrekoan, ‘Prest’ kartelarekin. (DONOSTIA KULTURA)
Alfonso Gurpegui eta Zureya Etxarri prentsaurrekoan, ‘Prest’ kartelarekin. (DONOSTIA KULTURA)

2015eko Euskal Jaiak irailaren 3tik 13ra ospatuko dituzte Donostian. Egitaraua eta kartela aurkeztu dituzte Udaletxean, eta bertan izan dira Festa Jardueretarako zinegotzi ordezkari Alfonso Gurpegui eta kartelaren egile den Zureya Etxarri Zubizarreta.

Aurtengo kartelak ‘Prest’ izena du eta «Euskal Jaietako bereizgarri bat nabarmendu nahi du: euskal jantzia eta honen garrantzia. Horretarako, ekitaldi edo egun berezi baten aurretik egin beharreko prestakuntzak direla eta etxe askotan ematen den egoera azaltzen du: jantzien atontzea».

Ekitaldiei dagokionez, irailaren 5ean, goizeko 11:00etan, emango diote hasiera Sagardo egunari; egun berean, Donostiako nekazaritza ekologikoaren XIV. azoka eta Gipuzkoako tomateen erakusketa eta lehiaketa antolatu dituzte.

Irailaren 6erako, 22:30ean, ‘Donostia bertsotan’ saioa antolatu dute, eta bertan izango dira Uxue Alberdi, Miren Amuriza, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Beñat Gaztelumendi eta Jon Maia, Amaia Agirre gai jatzailea izanik.

Bestalde, Basque Beer Fest ospatuko dute irailaren 10ean, 18:00etatik aurrera, Bulebardeko kioskoan, eta irailaren 12an Urgulleko XV. krosa, besteak beste.

Estropadak irailaren 3, 6 eta 13an ospatuko dira.