Amalur ARTOLA

«Kultura-hizkuntza izan nahi badugu, itzulpengintza aintzat hartzea ezinbestekoa da»

Itzulpengintzaren Nazioarteko Egunean, EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak itzulpen-politikak zehaztea eta horiek aurrera eramateko beharrezkoak diren baliabideak jartzea eskatu die erakunde publikoei. «Gurea kultura-hizkuntza izan dadin ezinbestekoa da», nabarmendu du elkarteko lehendakari Mikel Garmendiak.

EIZIEren agerraldia, Itzulpengintzaren Nazioarteko Egunaren harira. (ARGAZKI PRESS)
EIZIEren agerraldia, Itzulpengintzaren Nazioarteko Egunaren harira. (ARGAZKI PRESS)

EIZIEren izenean, Garmendiak «kulturan aurrera egiteko, kultura garatzeko eta komunikazioan aurrera egiteko» egun itzulpengintzak duen garrantzia nabarmendu eta alor honi «zor zaion arreta eta baliabideak ematea» eskatu die erakunde publikoei eta, horretarako, itzulpen-politikak «ondo definitua» edukitzea ezinbestekoa dela nabarmendu du: «Inoiz baino argiago dago gaur egun, komunikazioan lekurik izan nahi bada, nahitaez dagoela Interneten presentzia eduki beharra eta hori bezain argi, gure ustez, itzulpen-politika ondo zehaztu eta eraginkorrik gabe ez dagoela aurrera egiterik. Eta zer esanik ez, gu bezala, hizkuntza minorizatua duten herrialdeetan», ziurtatu du.

Gauzak hala, erakunde publikoei eskatu diete itzulpen-politikak «ondo zehaztua edukitzeari lehentasuna» eman diezaioten, «gurea ere kultura-hizkuntza izan dadin». «Garrantzitsua da gure gazteek Verne, Shakespeare edota Dickens euskaraz irakurtzea edota gidabaimena eskuratzeko gidaliburua euskaraz irakurtzea. Hori ere bada normalizazioa», gaineratu du Garmendiak, eta ondorioz normalizazio politiketan itzulpengintzak duen lekua aldarrikatu du.