NAIZ
BILBO

Langabeziak behera egin du irailean Hego Euskal Herrian

Irailaren amaieran, 196.665 pertsona zeuden Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan izena emanda. Hau da, aurreko hilabetean baino 871 langabe gutxiago. Herrialde guztietan egin du behera, Bizkaian salbu, bertan igoera txikia izan baita.

Bi pertsona, Lanbideren bulego batean sartzen. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Bi pertsona, Lanbideren bulego batean sartzen. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Enplegu Ministerio espainolak kaleratutako datuen arabera, irailean behera egin du langabezia erregistratuaren tasak Hego Euskal Herrian. Aurreko hilabetearen amaieran baino 871 pertsona gutxiago zeuden enplegu bulegoetan izena emanda.

Orotara, 196.665 pertsona ari dira lan bila Hego Euskal Herrian.

Herrialdeka, langabezia tasak Bizkaian bakarrik egin du gora, nahiz eta igoera txikia izan (%0,13). Zehazki, 110 langabe gehiago utzi ditu irailak herrialde honetan, tasa 87.444 langabetan kokatuta. Aurreko urtearekin konparatuz, %8,06 egin du behera langabezia tasak (7.667 pertsona).

Jaitsiera erlatibo nabarmenena, aldiz, Araban eman da, 389 lagun gutxiago zenbatu baituzte (%1,52ko beherakada). Herrialde honetan, 25.206 langabe daude erregistratuta, iaz baino %8,18 gutxiago (2.247 pertsona).

Nafarroan, 524 lagunek aurkitu dute lana irailean eta langabezia tasa abuztuan baino %1,25 beherago kokatu da. Nafarroako enplegu bulegoetan 41.243 pertsona zeuden izena emanda irailaren amaieran, iaz baino 4.963 gutxiago (-%10,74).

Gipuzkoan, jaitsiera %0,16koa izan da, 68 langabe gutxiago utzi baititu irailak. Herrialde honetan 42.772 langabe daude erregistratuta, 2014an baino 4.201 gutxiago (-%8,94).

Estatu mailan, guztira, 4.094.042 pertsona daude enplegu bulegoetan izena emanda. Irailean gora egin du langabezia tasak: abuztuan baino 26.087 langabe gehiago zenbatu dira (%0,64).