NAIZ

Hurrengo lau urteotarako Zuzendaritza Batzorde berria onartu du UEMAk

Josu Labaka, Azpeitiko udal gobernuko kidea, izango da lehendakari berria eta nabarmendu duenez, «euskararen normalizazioan liderrak izatea dagokigu udalerri euskaldunoi eta euskararen arnasgune garen guztioi».

UEMAren batzar nagusia. (Gotzon ARANBURU)
UEMAren batzar nagusia. (Gotzon ARANBURU)

Legegintzaldi berriko lehen batzar nagusia egin du gaur goizean Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Azpeitiko San Agustin kulturgunean, eta Josu Labaka zinegotzi azpeitiarra hautatu dute batzarkideek UEMA ren lehendakari, hurrengo lau urterako. Labakarekin batera, Zuzendaritza Batzordea osatuko duten beste hamar kideak ere hautatu dituzte batzarrean bildu diren alkate eta zinegotziek. Onintze Amezaga gatikarra izango da, berriz, lehendakariordea.

UEMA ko kide diren herriek duten ordezkaritzaren arabera osatu dute Zuzendaritza Batzordea, herrietako aniztasun politikoa islatuz. Horrela, oraingoan ere, batzordekide berrien artean, EH Bilduko eta EAJko alkate eta zinegotziak daude, hautetsi independeteen ordezkaritzarekin
batera. Era berean, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako hautetsiek osatzen dute UEMAren zuzendaritza.

Gaur egun, 73 udalerri dira UEMAko kide, eta kopuru horri eustea ez ezik, legealdi berrian herri gehiagori atea zabaltzea eta euskararen arnasguneak sendotzen segitzea da asmoa.