Gotzon ARANBURU
ONDARROA

Arrantza, kinka larrian

Urteko garrantzitsuena den hegaluzearen arrantzaldia amaitzeko egun gutxi falta direnean, euskal arrantzaleek ez dute euren kezka ezkutatzen sektorearen egoera dela-eta. Lan baldintzak, komertzializazioa, kontsumo ohiturak, kofradien papera… aztertu dute GARAk eta NAIZek itsasoko bizimodua oso gertutik ezagutzen duten LAB Arrantzako Jose Luis Gallastegirekin eta Leo Belaustegirekin.

Euskal Herriko matrikula eta ikurrina da nagusi Ondarroako portuko ontzietan, baina Galiziako eta Kantabriako itsasontziak ere badaude kaian lotuta. Batzuk baxurakoak dira, beste batzuk alturakoak. Sareak konpontzen ari dira arrantzale batzuk, beste batzuk ontzietan konponketak egiten edota arrainak garbitzen.

Jose Luis Gallastegi Jota da LAB sindikatuko Arrantza saileko arduraduna. Ondoan Leo Belaustegi dauka, gaur egun erretiratua baina itsasoko langileen bizimodua gutxik bezala ezagutzen duena. Hasteko, zenbakiak jarri dituzte mahai gainean, baina zenbatzeko moduak emaitza ezberdinak ematen dituela ohartaraziz. Lakuako Gobernuaren esanetan, 2009an 266 ontzik osatzen zuten Hego Euskal Herriko arrantza flota, eta horietan 2.457 pertsona ari ziren lanean. Iaz, 212 ziren ontziak eta 2.078 tripulatzaileak. Alegia, %20ko beherakada 0ntzietan eta %15ekoa langileetan. LABen datuen arabera, ordea, 3.855 dira Euskal Herriko arrantzaleak. Non sortzen da ezberdintasuna? «Komenientziako banderadun» deitzen diren ontzietan, hau da, atzerriko estaturen baten banderapean lan egiten duten ontzietan. Eta horietan euskaldun mordoa ari da lanean, ia bi mila lagun.

Baina bada adostasunik bi iturrien artean, eta txarrerako adostasuna: baxurako flotak galera handia izan du joandako bost urteotan, 212 ontzitik 166ra, eta 1.383 gizonetik 1.200era. Alturan ere ehun arrantzale gutxiago daude, eta bakailao ontzietan zenbakiak gero eta txikiagoak dira: hiru zeuden 2009an eta bi orain, guztira 52 tripulatzailerekin. Datu esanguratsua da geratzen diren alturako ontzi guztiak Ondarroan daudela, Bilbokoak, Bermeokoak eta Pasaiakoak desagertu egin baitira azken urteotan.

Hegaluzean aritzen diren ontziak 27 dira gaur, Lakuak dioenez, 681 gizonekin. «Altura handia» deitzen zaio azpisektore horri. Baina, esan bezala, itsasoetan barrena euskal arrantzale asko dabil «komenientziako banderak» deitzen direnen pean. LABen arabera, ia mila dira Indiako Ozeanoan hegaluzea arrantzatzen ari diren ontzietan ari direnak, bederatziehun Atlantikoan eta bostehun Ozeano Barean, Euskal Herrian matrikulatutako ontzietan edo atzerrikoetan.

Belaustegik azaldu digunez, baxurako ontziak enpresa familiarrak dira ia guztiz, alturakoek izaera industriala hartu dute eta altura handikoak multinazionalen eskuetan daude. Azken hogei urteotan irabazi handiak eman dizkie hegaluzearen harrapaketak multinazional horiei.

«Lan baldintzetan aldaketa handia egin beharra dago», diosku Gallastegik. Baxuran dago arazo handiena, lan hitzarmenik ez baitago, eta ordainketa sistema oso zaharkitua geratu baita. A la parte deritzon eran egiten da ordainketa: ontziak harrapatu duenaren erdia armadorearentzat da, eta beste erdia eskifaiako gizonen artean banatzen da. Jakina, asko harrapatuz gero, ondo, baina gutxi edo deus ez harrapatzea ere gertatu izaten da, eta orduan ez da etxean dirurik sartzen. Alturako ontzietan soldataren zati bat finkoa da –1.000 euro inguru– eta kopuru horri harrapaketen portzentaje bat gehitzen zaio, %1 eta %3 artean ibiltzen dena, tripulatzaile bakoitzaren ezaugarrien arabera. Bada LABek proposatzen duena da gutxieneko soldata ezartzea baxuran ere, gutxienez 1.500 eurokoa, eta alturakoena ere kopuru horretara iristea. «Ez badaukazu diru sarrera duin baten bermea, oso zaila da gazteak itsasoan lanean hastea», Jose Luis Gallastegik azaltzen duenez.

Armadoreen presioak

Baina dena ez da soldata. Lan baldintzak berez dira gogorrak itsasoan, begi bistakoa denez, baina Gallastegik salatzen duenez, armadoreen presioek are gogorragoak egiten dituzte: «Askotan, eguraldi txarra egin arren itsasoratzera behartzen dituzte arrantzaleak, eta horrek lan istripuen arriskua handitzen du. Gainera, atseden hartzeko ere ez da egokia ontzia, eta erreflexuak jaitsi egiten dira. Hitz batean, interes ekonomikoengatik langileen bizitza arriskuan jartzen da».

Euskal arrantzak daukan beste arazo larri bat lizentziena da. Baxurako eta alturako ontziak berriak dira, sektorean birmoldaketa egin zen-eta duela hamarkada bat, diru publikoarekin egin ere. Gaur egun Europako flota berriena daukagu. Hala ere, ez da lortu flota hori osorik mantentzea. Esan bezala, baxurako ontziak familia enpresak dira, eta armadoreari erretiroa hartzeko garaia iritsi zaionean, kasu askotan ez du etxean ondorengorik topatu. Gainera, behin betiko amarratzeagatik diru laguntza dezentea ematen du Europak, «desegite prima» delakoa, tonako hainbeste. Belaustegik dioenez, Euskal Herriko armadore asko ari dira erretiro adinera iristen.

Gehienetan, ontzi horietako bat kanpora saltzen edo amarratzen denean jabeak arrantza lizentzia ere saldu egiten du, eta, behin hori eginez gero, ordezko ontzirik itsasoratzeko bidea itxita geratzen da. Nabarmena denez, joera horrek jarraituz gero, flotaren desagerpena emango litzateke. Eta ondoren ez litzateke harritzekoa izango Pescanova eta gisako enpresak sartzea eta hilabete bakar batean arrantzatzea, esaterako, Europak ezarritako hamabi milioi kilo legatzeko kuota. Ez da ahaztu behar, gainera, arrantzak sortzen dituen lanpostuak ez direla itsasokoak soilik: harrapaketan ari den langile bakoitzeko lehorrean hiru edo lau daude. Hori dela eta, LABek arrantza eskubideen gestio publikoa exijitzen du.

Arazoekin jarraitzeko, biomasarena aipatu behar. Neurriz kanpoko harrapaketaren ondorioz hainbat espezie desagertu egin dira gure uretatik, adibidez bisigua. Antxoa ere kinka larrian egon da, nahiz eta bost urteko geldialdiak suspertu egin duen. Antxoarekin eta berdelarekin gauza larri bat gertatzen da; errute garaian harrapatzen dira, orduan koipe gehiago dutelako, baina agerikoa da horrek espeziaren ugalketa oztopatzen duela. «Biologoek abisatu dute arrisku horretaz, baina agintari politikoak ez dira ausartzen arrantza mota horri mugak jartzen, ondorio ekonomiko itzelak izango lituzkeela-eta. Esaterako, urte osoan lanean aritu beharrean, hiruzpalau hilabetetan bakarrik jardutea ontziak», diosku Belaustegik. Bakailaoa ia galdu egin da Ternuan, eta horregatik geratzen dira arrain hori arrantzatzen jarduten diren bi ontzi soilik Euskal Herrian, garai batean Pasaian bakarrik 90 ontzi zeudenean.

 

Pescado de China y Vietnam en los comedores escolares vascos

Uno de los problemas que afronta el sector pesquero vasco es el de la comercialización y el consumo de lo que extrae del mar. LAB denuncia que el 60% del pescado que se ofrece en nuestras pescaderías procede del exterior, mientras que especies como el chicharro, el verdel o la sardina se venden en puerto a precios ridículos. En palabras de Leo Belaustegi, «la anchoa se ha llegado a vender este año a treinta céntimos, y el atún a dos euros y diez céntimos, pero no entran en el menú que se sirve en los comedores escolares a miles de niños, que sí se encontrarán en el plato perca, panga o tilapia, procedentes de China y Vietnam. ¿Cómo es posible que ocurra tal cosa? Tenemos que ser capaces de filetear y preparar nuestro propio pescado aquí, para consumirlo igualmente aquí».

LAB Arrantza considera que tal propósito no es utópico. Lo irreal, en reflexión de sus responsables, es pensar que se podrá seguir eternamente practicando la pesca extensiva, cuando resulta evidente que las especies están en regresión por la captura desmedida. Belaustegi se indigna cuando explica que «el magnífico pescado que capturamos aquí acaba muchas veces convertido en pienso para piscifactorías. Es urgente que haya voluntad política para crear en los puertos infraestructuras de transformación del pescado que le den valor añadido». Al mismo tiempo, considera que las cofradías deben asumir un papel en el proceso comercializador.

Otra de las cuestiones que LAB considera preocupante es la apuesta del Gobierno de Lakua por impulsar en su Plan Estratégico para el sector la pesca de gran altura, industrial, representada por la flota de atuneros-congeladores, en detrimento de la de bajura, artesanal. «La apuesta a largo plazo no puede ser pescar en aguas ajenas, como Somalia, mientras despreciamos las propias», asegura Belaustegi.G.A.