NAIZ
DONOSTIA

Gibelalderen dimisioa exijitu eta Adegirekin egin behar zuen bilera bertan behera utzi du LABek

LAB sindikatuko idazkari nagusi den Ainhoa Etxaidek gogor kritikatu diu Adegiko burua, Pello Gibelalde, gazteen inguruan egin zituen adierazpen «onartezinengatik», eta haren dimisioa galdegin du. Gipuzkoako patronalarekin aurreikusia zeukan bilera bertan behera utzi du sindikatuak, eta elkarretaratzea deitu du. EH Bilduk ere Gibelalderen hitzak «iraingarri» jo eta Batzar Nagusietan eskaera egin du, adierazpen horiek gaitzetsi ditzaten.

Ainhoa Etxaidek gogor jo du, LAB sindikatuaren izenean, Pello Gibelalde Adegiko buruaren aurka, gazteen inguruan ostiralean esan zituenengatik. «Gibelalderen estiloa eta politika langileak iraintzea eta pobreziaren eta prekarietatearen ardura gure gain jartzea da», salatu du.

Gipuzkoako egoera ekonomikoari buruzko irakurketa plazaratzeko egin zuen agerraldian egin zituen adierazpenok Gibelaldek. Besteak beste, esan zuen, gaur egungo gazteek ez dutela ekiteko «goserik» eta «nahikoa dutela esfortzurik ez egitearekin». «Denetarik ematen diegun familietan» bizi direla eta «etorkizuna bermatuta» dutela gaineratu zuen.

LABen aburuz, «ez gaude bakarrik aho bero baten aurrean, hau da Adegiren jarrera, eta hitz hauen atzean politika zehatz bat  dago».

Hilabete bukaerara iritsi ezinik dauden guztientzat Gibelalderen jarrera «irangarria» dela azpimarratu du Etxaidek.

Hori dela-eta, Adegiko buruaren dimisioa exijitu du sindikatu abertzaleak eta bertan behera utzi du patronalarekin egitekoa zuen bilera.

Confebaski eta Enplegu Sailari ere dei egin die Etxaidek, hitz hauen aurrean beren jarrera azal dezaten. Confebaskek ezer esaten ez badu, haiekin urriaren 15erako zuen hitzordura ere ez da joango LAB.

Azkenik, datorren ostegunean elkarretaratzea egingo dute Adegiren aurrean. Ernai gazte antolakundeak ere bat egin du deialdiarekin.

Batzar Nagusietan ere

Beste alde batetik, EH Bilduk agerraldia egin du Gibelalderen hitzak gaitzesteko. Koalizio abertzaleak eskaera erregistratu du, Gipuzkoako Batzar Nagusiak adierazpen horiek arbuiatu ditzaten eta Gibelalderi bere hitzak erretira ditzala eskatzeko.

Horrez gain, eskaerak dei egiten dio Aldundiari, Batzar Nagusiek galdegin dezaten gara daitezela «gazteei zuzendutako politika aktiboak; kolektibo honen eskubideak bermatzeko, pairatzen duen prekarietatea gainditzeko eta eskaintzeko, gure Lurraldearen barruan, bere bizitza proiektua garatzeko aukerak».