NAIZ
BAIONA

Egoitz Urrutikoetxearen «gertukoa» litzatekeen emakume bat atxilotu eta aske utzi dute

Egoitz Urrutikoetxearekin batera atzo Polizia frantsesak atxilotu zituen beste bi lagunak nor diren ez dute esan iturri ofizialek, baina AFP agentziaren arabera Urrutikoetxearen «gertuko militante abertzale» bat, emakumea, atzeman zuten Aspet-en, Haute-Garonne departamenduan. Dagoeneko aske dago.

Atxiloketak salatzeko elkarretaratzea, Maulen. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Atxiloketak salatzeko elkarretaratzea, Maulen. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Egoitz Urrutikoetxea atzo atxilotu zuen Polizia frantsesak Paris ipar-ekialdeko Saint-Denisen. Bere nortasun agiriak zeramatzan eta Unibertsitatean matrikulatuta zegoen, hainbat hedabideren arabera.

Harekin batera beste bi pertsona atzeman zituztela zabaldu zuten berri agentzia espainolek, baina ez zuten haien izenik eman.

Barne Ministerio espainolak eta frantsesak ohar bateratua igorri zuten eta Urrutikoetxearen atxiloketaren berri besterik ez zuten eman.

AFP agentziak dioenez, Haute-Garonne departamenduko Aspet herrian emakume bat atxilotu zuten atzo, Urrutikoetxearen «gertuko militante abertzalea», Parisko auzitegiaren aginduz. Gaur aske utzi dute, Kazeta.eus-ek zabaldu duenez.

Urrutikoetxea Poliziak Levallois-Perret-en, Parisen kanpoaldean, duen egoitzan daukate, epailearen aurrera eraman bitartean.

Atxiloketak salatzeko elkarretaratzea egin dute Maulen, Gurutze Xurian.