Jon Ormazabal
ZUMAIA

Urrutikoetxeak atzelari bezala jokatuko du, Aimar Olaizola lagun, Binakako Txapelketan

Enpresa irizpideek bultzatuta, Asegarcek Mikel Urrutikoetxea, Buruz Buru eta Lau eta Erdiko txapelduna, bere ohiko postutik atzera mugituko du lau hilabete iraungo dituen Binakako Txapelketarako. Ohikoa den bezala, enpresa bakoitzak lau bikote aurkeztuko ditu.

Binakako Txapelketan ariko diren pilotariak, Zumaian. (Gotzon ARANBURU/ARGAZKI PRESS)
Binakako Txapelketan ariko diren pilotariak, Zumaian. (Gotzon ARANBURU/ARGAZKI PRESS)

Enpresa irizpideek bultzatuta, Asegarcek Mikel Urrutikoetxea, Buruz Buru eta Lau eta Erdiko txapelduna, bere ohiko postutik atzera mugituko du lau hilabete iraungo dituen Binakako Txapelketarako. Enpresak onartu du erabakiak baduela bere arrisku puntua baina, Logroñoko San Mateotan oso itxura ona eman zuenez, orduko hartan bezala Zaratamokoa Aimar Olaizolarekin arituko da ostiral honetan bertan Donostian hasiko den lehiaketan. Berasaluze II-Beroiz eta Altuna III-Merino II.ak jokatuko dute lehen partida hori.

Ohikoa den bezala, enpresa bakoitzak lau bikote aurkeztuko ditu. Asegarceren partez, aipatutako Olaizola II-Urrutikoetxea, Berasaluze II-Beroiz, Artola-Albisu eta Bengoetxea VI-Untoria, jarduneko txapeldunak.

Aspeko bikoteak, Martinez de Irujo-Rezusta, Altuna III-Merino II, Ezkurdia-Barriola eta Irribarria-Zubieta izango dira. Azkenean, Jose Javier Zabaletaren eskuin eskua ez da garaiz osatu eta ez da txapelketan ariko, titular gisa bederen.

Xala bezalako pilotari bat ere, hiru aldiz Binakakoan txapeldun izana, lehiaketatik at gertau da eta bere kontratua martxoan amaituta, ez dago argi bere etorkizuna.

Nabarmentzekoa da baita ere finala apirilaren 10ean jarrita dagoela eta, printzipioz, araudiak ez duela inolako atzerapenik aurreikusten. Min hartutako pilotaria ordezkatua izango litzateke eta horretarako zenbait irizpide ere aurreratu zituzten.

Material hautatzaile berria

Beste berrikuntzarik ere ekarriko du 2016ko lehen txapelketak, izan ere, Juan Mari Juaristi orain arteko material hautatzailea ordezkatzeko erabakia hartu baitute enpresek. Bihartik aurrera Kepa Peñagarikano pilotari ohiak hartuko du orain arte azkoitiarrak betetako lekua.