Gotzon ARANBURU
ZUMAIA

Emakumezkoen traineruak

Hasi dira arraun palak ura kolpatzen. Kantauriko uretan azaldu dira batelak, trainerillak eta traineruak, denboraldia jokatzen batzuk eta prestatzen beste batzuk. Betidanik gizonen eremu izan den kirol honetan emakumeak indartsu sartu dira azken urteotan. Egungo egoera ezagutzeko, bere argi-ilunekin, Zumaiara eta Hernanira gerturatu gara, emakume arraunlariekin hitz egitera.

Arraun denboraldia batelekin hasten da. Irudian, Zumaiako arraunlari talde bat. (Gotzon ARANBURU)
Arraun denboraldia batelekin hasten da. Irudian, Zumaiako arraunlari talde bat. (Gotzon ARANBURU)

Batelekin hasten da arraun denboraldia Euskal Herrian, bai gizonezkoetan eta bai emakumezkoetan. Urtarrilaren erdi aldera hasten dira lehian lau arraunlarik eta patroi batek osatutako ontzi hauek, eta apirilean bukatzen, Euskadi eta Espainiako txapelketekin. Ondoren, trainerillen (sei arraunlari eta patroia) liga eta txapelketa datoz, eta horiek maiatza bukaera aldera bukatzen dira. Ordurako uretan izaten dira emakumeen traineruak, baina denboraldi ofiziala ekainean hasten da hauentzat. Euskotren Liga uztailaren erdialdean abiatzen da, Gipuzkoako Liga apur bat lehenago; abuztua iristear dela Gipuzkoako eta Euskal Herriko Txapelketak jokatzen dira –Espainiakorik ez dago emakumeetan– eta irailean Kontxako Banderaren ordua da.

Emakumezkoen lehia nagusia, Kontxa kenduta, Euskotren Liga da, hor aritzen baitira lau traineru onenak. Iaz San Juanek, Hibaikak, Oriok eta Zumaiak osatu zuten laukote hau, eta irabazleak pasaitarrak izan zirenez aurtengo Euskotrenen ere tokia bermatuta dute. Beste traineru guztiak –9 guztira Kantaurin– kanporaketak jokatuko dituzte, San Juanekin batera zeintzu hiru arituko diren erabakitzeko. Baina iazko bi faltako dira zerrendan; podiumean bigarren tokia lortu zuen Zumaia, eta Oiartzun. Eta berri bat izango da, Hondarribia, aurretik ere ibilia eta hiru urteko etena izan duena.

2017an berriro lehian izatea espero dute Zumaian

Zumaiako Arraun Elkartean mugimendu handia dago ostiral arratsalde honetan. Neska eta mutil, batzuk umeak oraindik, pabiloian batelak bizkarrean hartu eta pantalanera doaz, arraunean hasteko. Badira batelak mutilak arraunlari eta neska patroia daramatenak, baita alderantzizkoak ere. Portuko uretan atzera eta aurrera dabiltza, prestatzaileak esandako pala kolpe kopurua emanez. Angel Etxaniz –arraun elkarteko presidentea– kaitik begira daukate erne. Ontzi ugari uretan, baina trainerurik ez. Iaz ontzi luzean aritu zirenetako bost neska ontzi txikian dabiltza gaur, Kike Manterola prestatzaileak agindutako lana egiten.

«Zergatik ez den egongo Zumaiako trainerurik aurten? Arrazoi bat eta bakarra dago: ez dugula osatu 16,17 edo 18 neskako taldea. Hamahiru eta patroia izatera heldu gara, baina hamahirurekin jai dago, kopuru horrekin ezin da aurrera jo. Horietako batzuek argi esan ziguten ez bazen herrian traineru konpetitibo bat osatzen nahiago zutela beste bide bat hartu. Garbi hitz egin zuten eta ez dago zer esanik. Beste batzuek uztea erabaki dute. Bada hori, aurten ezingo dugu emakumezkoen trainerurik uretaratu, baina espero dugu urtebeteko atsedenaldiaren ondoren 2017an berriro lehian izatea» diosku Angelek.

Oso lehia estua izan zen iaz Euskotren Ligan, eta Zumaia bigarren tokian geratu zen azkenean. 2013an irabazi egin zuen Euskotren, Kontxako Bandera ere eskuratuta dauka, baita Gipuzkoako Liga eta Euskadiko Txapelketa ere. Horrelako ibilbidea osatu duen taldea lehorrean geratzea kolpea da dudarik gabe emakumezkoen arraunarentzat, baina denbora laburrean egoera konponduko den esperantza daukate Zumaian. Hori bai, beste gauza bat izango da zer mailako taldea izango litzatekeen, orain arte lortutako garaipen handi horiek errepikatzea eta punta-puntan ibiltzea oso zaila izango dela jakitun baitira klubeko arduradunak. 

Izaro Etxaniz itziartarra da Zumaiako arraunlarietako bat. Hamasei urte zituela, 2006an, hasi zen arraunean, beste bi lagunekin batera, batelean. 2008an osatu zen lehenengo traineru hartan han zegoen Izaro, eta orain berriro bateletan eta trainerilletan dabil, begi bat datorren urtean jarrita.

«Arraunean aritzeko motibazio nagusia sasoian egotea da niretzat –dio Izarok– zeren eta diru aldetik ia ezer ere ez dago. Lagun giroa ere asko estimatzen dut, ekipoa». Kontxan bitan aritutakoa da eta orduko oroitzapena oso bizia dauka, hango zirrara, jendearen bultzada… Besteentzako ere halaxe izango zen, bada. Orduan, zergatik ez du emakumeen arraunak gizonenak adina jarraikortasun, hori da galdera. Izaroren ustez, oraindik ere gehiago estimatzen da gizonen kirola, orokorrean. Emakumeena ez da berdin baloratzen. Eta arraunean beste hainbeste: «Gogorra da arrauna. Ia egunero prestatu behar zara ordu pare batez, zure afizio batzuk utzi egin behar dituzu, hondartzara joatea adibidez… eta gizonei ordaindu egiten diete, asko edo gutxi. Hor dago gakoetako bat, nire ustez».

Dirua, denboraldi amaieran

Amatasuna aipatu izan da emakumeek arrauna goiz uzteko arrazoietako bat. Baina Zumaian ikusten ditugun neskak oso gazteak dira. Angel Etxaniz presidenteak ere zalantzak dauzka; ez du kasu hori ezagutu Zumaiako taldean, alderantzizkoa bai, ama izan ondoren arraunean hasitakoak, alegia. Eta emakumeek gazterik uzten dutela arrauna… hortaz ere badauka zer esanik. «Duela hogei urte, 30 urteko gizonak ere ‘zahar’ kontsideratzen ziren arraunerako. Zer gertatu da gero? Bada diru pixkat sartu dela kirol honetan eta horrek luzarazi duela gizonezko arraunlarien kirol jarduera», diosku.

Ordainketara itzulita, beti ere diruaz ari garela, jakin behar da emakumeek ez dutela ezer ere kobratzen. Jasotzen duten diru apurra sarietatik dator, baina beti ere huskeria da. Ondo ondo dabiltzan traineruek, urtean zehar estropada dezente irabazten dituzten horiek, denboraldiaren amaieran mila bat euro emango dizkiote arraunlari bakoitzari. Eta besteek, 400 inguru. Txanponaren beste aldean, entrenamendua. Abenduan hasten dira, astean bina orduko hiru prestaketa saio eginez. Baina maiatz aldera, estropadak jokatzen hasten direnean, astean egun bakar bat izaten dute atsedenerako, entrenamendurik gabekoa.

Hasiera batean diferentzia handia egoten zen traineru onenen eta besteen artean, egindako denboretan. Baina azken hiruzpalau urteetan maila berdindu egin da, eta horrek emozio handia ematen die emakumezkoen estropadei. Gainera, bateletan eta trainerilletan ez bezala, traineruetan gizonenak baino laburragoak dira emakumeen estropadak –hiru milia mutilek eta milia eta erdi neskek– eta horrek edozein akats oso garesti ordaintzea dakar.

Hernanin, 19 neskako taldea

Zumaiaren bestelako egoera topatu dugu Hernanin. Bertako eta Tolosaldeko neskek osatutako trainerua –goierritar bat ere badago– uretaratuko dute aurten ere hernaniarrek, eta dagoeneko ari dira entrenatzen iaz baino koska bat gorago iristeko. Iparragirre sagardotegian egin dute aurkezpena eta bertan Juanjo Etxarte prestatzaileak adierazi digu helburu nagusia proiektuari luzapena ematea dela eta, ahal bada, aurreko urteetako emaitzak hobetzea uretan. Euskotren Ligan aritzen diren lau «top» horietara arrimatzen joan nahi dute poliki poliki. Horretarako 19 neskako taldea osatu dute.

Baten batek pentsatu lezake traineru indartsuenetako bat lehiatik kanpora geratzeak aldamenekoei on egingo diela sailkapenean aurrera egiteko, eta hala da epea motzera begiratuta, baina Juanjok garbi dauka ez dagoela pozteko inongo arrazoirik: «Ez, Zumaiak trainerua ezin osatu izana ez da notizia ona, alderantziz baizik. Zenbat eta traineru gehiago uretan, orduan eta hobeto emakumezkoen arraunerako, asentatzeko, indarra hartzeko. Eta alderantziz, Zumaia bezalako talde batek tosta ezin betetzea, bada tristea eta denon kalterakoa».

Arraunean zoriontsu

Ainhitze Kalonjek bederatzi urte daramatza arraunean, horietatik azkeneko biak traineruan. Motibazioaz galdetuta, Ainhitzek argi dio «zoriontsu» sentitzen dela arraun egitean, besterik gabe. Ez dirurik, ez saririk, barne-poza bilatzen eta aurkitzen du hernaniarrak traineruan. Hori bai, kirolari orok bezala, emaitzak hobetu nahi ditu, eta badu esperantza, iazko taldeko neska gehienek jarraitu egiten baitute ekipoan, horrek dakarren eskarmentuarekin. Gainera, baliteke aurten Kontxan bi tanda jokatzea eta zortzi talde sartzea, arraunaren Olinpiada den estropadan lehiatzeko aukera gehiago eskainiz.

Aukerak bai eta taldeak ere bai. Hondarribiko neskak ere uretan izango dira berriro, hiru urteko etenaren ondoren, San Juan, Hibaika, Arraun, Orio, Getaria-Zarautz, Deustu, eta Galizia eta Kantabriatik etorri daitezkeenekin lehian aritzeko Kantauriko uretan. Urruti geratu dira, zorionez, arrauna soilik gizonezkoentzat zela pentsatzen zen garaiak.