NAIZ
BILBO

Urte eta erdiko espetxe zigor eskaera, abortatzeko eskubidea aldarrikatzeagatik

2013ko abenduan abortatzeko eskubidearen alde Gurutzetako ospitalean eginiko protesta batean parte hartzeagatik mugimendu feministako kide bat epaituko dute ostiral honetan Barakaldon. Harentzat 18 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen du Fiskaltzak.

Gurutzetan egin zuten itxialdia. (ARGAZKI PRESS)
Gurutzetan egin zuten itxialdia. (ARGAZKI PRESS)

Abortatzeko eskubidea aldarrikatzeagatik mugimendu feministako kide bat epaituko dute ostiral honetan Barakaldoko epaitegian.

Topatu-k jakinarazi duenez, hari babesa ateratzeko elkarretaratzea egingo dute, 12.30ean.

Hain zuzen, 2013ko abenduan abortatzeko eskubidea aldarrikatzeko Gurutzetako ospitalean egindako itxialdi batean parte hartzeagatik epaituko dute gaztea. Hamarka emakumek parte hartu zuten protesta hartan eta Ertzaintzak indarrez atera zituen zentrotik.

Gobernu espainolak abortuaren legea aldatzeko asmoa agertu zuenean protesta ugari antolatu zituen Euskal Herriko mugimendu feministak, tartean aipatutako Gurutzetako ospitalekoa.