@belastegi

Preso gaixoen aldeko Sareren trenaren lehenengo bagoia Errenteria da

Larriki gaixorik dauden presoen giza eskubideen alde borrokatzeko ekimena jarri du martxan Sarek. ‘Hartu Trena’ egitasmoaren barruan, hilabetez hilabete arazo horri ikusgarritasuna emateko asmoz, preso bakoitzaren herrietan zehar lekuko bat eramango dute. Lehenengo geltokia Errenterian du, non Aitzol Gogorzaren bagoia gehituko zaion trenari.

Joxe Mari Agirretxe, Teresa Toda eta Aurkene Astibia Sareren agerraldian. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)
Joxe Mari Agirretxe, Teresa Toda eta Aurkene Astibia Sareren agerraldian. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)

Joxe Mari Agirretxe, Aurkene Astibia eta Teresa Toda izan dira Sareren proposamen berria aurkezteaz arduratu direnak. Agirretxek azaldu du Sarek «tren bat» jarri duela martxan eta, kasu honetan, larriki gaixorik dauden presoen gaia jorratuko dutela tren horren baitan prestatu duten egitasmo baten bidez. «Ekimen ibiltari bat da hilabete bakoitzean herri batera joango dena, eta herri bakoitzak bagoi bat gehituko dio», azaldu du. Ez da tren fisiko bat, presoen giza eskubideak aldarrikatuko dituen tren kolektibo bat baizik.

Egun 11 dira larriki gaixo dauden euskal presoak, eta horietatik 9 dispertsatuta daude. «'Larriki gaixo' eta 'espetxea' esaldi bakar batean elkarrekin egon ezin diren hiru hitz dira», azpimarratu dute. Izan ere, espainiar eta frantziar estatuen legeetan gaixo larriek euren gaixotasunak sendatzeko baldintzapeko askatasuna eskuratzeko aukera badago ere, euskal presoak kartzelan mantentzen dituzte.

«Medikuek diote kalean egon beharko luketela eta ez badaude erabaki politiko batengatik dela. Injustua da. Minuturo giza eskubideak urratzen ari dira», aipatu du Agirretxek. Irakurri duten testuaren arabera, «askatasunaren aldeko epaiak daudenean fiskaltzak epai hauen aurkako helegiteak egiten ditu presoaren espetxealdia luzatzeko. Horren adibide garbia da Lorentxa Guimonen kasua». Guimonek Crohn gaitza dauka eta horren ondorioz hiru aldiz egon da hospitalean abendutik geroztik. Aste honetan berriro espetxeratu dute eta horri erantzuteko asmoz, Bagoaz kolektikoak Baionan elkarretaratzea egin du.

Gorritiren lekukoa
Sareren ekimenaren helburua epe luzean preso gaixoen gaiak ikusgarritasuna izatea da. Lehenengo pausoa Errenterian eman dute, Aitzol Gogorzaren herrian. Bertan lau egunetako egitaraua antolatu dute, non Gogorzaren gaixotasuna –obsesio konpultsiboa– oinarri izango duten. Otsailaren 24ean zineforuma egingo dute; 25ean bizipoteo informatiboa; 26an 19.30etatik 20.30etara tabernetan eta herriko plazan bideo bukle bat eskainiko dute; 27an goizean zehar tren bat ibiliko da herritik eta geltoki informatibo bat jarriko dute. Ondoren argazkia aterako dute eta poteoan ibiliko dira.

Egun horretan Ondarruri pasako diote txanda. Hori irudikatzeko Juan Gorritik egindako lekuko bat dute, mina dagoen lekuan argia ere egon daitekela irudikatzen duena. Egun hauetan Gogorzaren gurasoek dute etxean eta ondoren beste presoen senideei indarra emateko balioko du, alegia, Jose Ramon Abetxuko, Garikoitz Arruarte, Gorka Fraile, Ibon Fernandez Iradi, Iñaki Etxeberria, Ibon Iparragirre, Jagoba Cogo, Josetxo Arizkuren, Lorentxa Guimon eta Txus Martinen senideen etxean gordeko dute.

Momentuz datozen hilabeteetarako plana antolatu dute: Errenteria, Ondarroa, Durango, Basauri, Iruñea eta Lasarte-Oria. Uda ostean trenari bagoiak gehitzen jarraituko dute.