NAIZ

Jose Mujica eta Paco Etxeberriak jasoko dute 2016ko Gernika Saria

Uruguaiko presidente ohia den Jose Mujicak eta Paco Etxeberria antropologoak jasoko dute bakearen eta berradiskidetzearen aldeko 2016ko Gernika Saria. Sari banaketa apirilaren 26an ospatuko da, bonbardaketaren 79. urteurrenarekin. 

Uruguaiko lehendakari ohia, Jose Mujica. (Ricardo REY/AFP PHOTO)
Uruguaiko lehendakari ohia, Jose Mujica. (Ricardo REY/AFP PHOTO)

Paco Etxeberria antropologoa eta Jose Mujica Uruguaiko presidente ohia sarituko dituzte bakearen eta berradiskidetzearen aldeko Gernika Sarietan. Antolatzaileek ohar baten bidez adierazi dutenez, Mujica «mundu mailan bizitza etiko eta koherente baten garrantzia transmititzeagatik» izango da omendua.

Modu berean, Etxeberria «memoria historikoa berreskuratzeko egindako lanagatik» sarituko dute.

Sari banaketa apirilaren 26an ospatuko da bizkaitar herrian, bertan pairatu zuten bonbardaketaren 79. urteurreneko ekimenen baitan.