NAIZ
DONOSTIA

Errausketaren arriskuez sentsibilizatzeko bilera erronda abiatuko du OEIT mediku taldeak

Osasuna eta Errauskailua Ikerketa Taldeak (OEIT) erakundeak, alderdi politikoak eta hainbat eragile sentsibilizatu nahi ditu, errauskailuak osasunarentzako «kaltegarriak direla» baieztatzen duten azterketak helaraziz.

Juan Cruz Ruiz de Villandiego eta Maider Berridi medikuak. (NAIZ)
Juan Cruz Ruiz de Villandiego eta Maider Berridi medikuak. (NAIZ)

OEIT taldeko mediku Jose Cruz Ruiz de Villandiego medikuak adierazi duenez, «gure esku dagoen guztia egingo dugu lehenbailehen biltzeko errauskailua eraiki ala ez erabakitzeko azken hitza duten organismo eta erakundeekin».

Hala nola, Gipuzkoako Batzar Nagusiekin, Aldundiarekin eta alderdi politikoekin harremanetan jarri dira bilerak adosteko, baina baita beste batzuekin ere: Lakuako Osasun Saila, Gasteizko Legebiltzarra, Zubieta inguruko alkateak, sindikatuak eta bestelako erabile batzuk ere.

«Aurrez aurre esan nahi dieguna da datozen asteotan Gipuzkoaren etorkizuna eta jende askoren osasunari buruz erabakiko dutela, errauskailuek minbizia sortzen dutela, azterketa askok hala adierazten dutela eta, gutxienez, ardura printzipioa aplika dezatela», azaldu du Ruiz de Villandiegok.

Maialen Berridi medikuak nabarmendu duenaren arabera, «hondakinen kudeaketan eskuduntzak dituen Foru Aldundiak ez du osasunari buruzko azterketarik plazaratu eta ez du ezer esan errauskailuek osasunean eragiten duten kalteari buruz».

Mediku taldeak azaldu du gero eta kezka handiagoa dagoela jendartean eta, ildo horretan, nazioartean eginiko hainbat azterketetatik eratorritako ondorioak aipatu dituzte: heriotza tasa orokorra %13 hazi daitekeela errauskailu batetik gertu dauden guneetan; errauste planta batetik hamar kilometroko erradioan bizi direnen artean, minbizia kasuek %3,5 egiten dutela gora; gibeleko minbizia kasuak %29 hazi direla eta biriketakoak %14. Leuzemia kasuetan heriotza tasa %21 areagotzen da errauste plantatik bost kilometroko erradioan bizi diren pertsonen artean, pleura minbizien kasuak %84 eta behazunekoek, %24.

Aldundiak aurreikusten duena betetzen bada, Zubietako erraustegian urten 200.000 tona hondakin erreko dira eta horrek «sekulako arriskua» dakarrela azpimarratu dute.