NAIZ
ELIZONDO

Aroztegiako auzian «hitza eta erabakia» eskatu dute Baztango herritarrek

‘Aroztegia eta gero zer?’ plataformak deituta, 1.500 bat pertsona elkartu dira Elizondon Aroztegia proiektuaren inguruan herri galdeketa bat eskatzeko. Jakinarazi dutenez, 680 sinadura jaso dituzte galdeketaren alde.

Aroztegiaren auzian galdeketa bat eskatu dute Elizondoko kaleetan. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)
Aroztegiaren auzian galdeketa bat eskatu dute Elizondoko kaleetan. (Jagoba MANTEROLA / ARGAZKI PRESS)

1.500 bat pertsona elkartu dira Elizondon Aroztegiaren inguruko auzian herri galdeketa baten beharra aldarrikatzeko. ‘Aroztegia eta gero zer?’ plataformak deituta, ‘Aroztegiako UPGSa gelditu. Herriarena da hitza. Herriarena erabakia’ lelopean abiatu dira.

«Planteatzen dena hain ona bada, zergatik inposatu? Pelotazo urbanistiko honekin nork ateratzen du etekina?», adierazi du Jon Elizetxek, plataformako bozeramaileak mobilizazio amaieran. 

Era berean, duela hilabete hasitako sinadura bilketari garrantzia eman dio eta dagoeneko 680 bilduak dituztela nabarmendu du. Zentzu honetan, erabakitzeko eskubideak duen garrantzia arlo guztietara eraman nahi izan du. «Erabakitzeko eskubidea gure bizitzako arlo guztietara eraman nahi dugu: ez gara Aroztegiako proiektu urbanistikoari buruz ari, herritarrok gure etorkizuna nola izatea nahi dugun erabakitzeko eskubideari buruz baizik».

Mobilizazioa aldarrikapen eta jai giroa artean abiatu da. Lelo ugari, baina baita kritika eta aldarrikapena umorez jantzi nahi izan dutenak ere. Golf jokalariz mozorrotutakoak, besteak beste.