@gara_miantzi
Andoain

Amuriza bezala 75 urterekin plazan irudikatu dute beren burua Arzallusek eta Lujanbiok

Aktualitateak hala eskatuta, asteartean, 75 urte betetzen zituen egunean, bertsolaritzari agur erran zion Xabier Amurizari erreferentzia eginez ekin diote Maialen Lujanbiok eta Amets Arzallusek buruz buruko saioari. Jakin aldizkariak eta Martin Ugalde foroak antolatutako ekitaldia, Josu Goikoetxea gidari izan duena, ez da bertso saio bat izan, solasaldi bat baizik, bertsolaritzari errepaso bat egiteko balio izan duena, atzotik biharrera, gaztetxotan kantuan hasi zirenetik 60 urterekin edo, Amurizak bezala, 75ekin beren burua plazan imajinatzera.

Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus, gaurko ekitaldian. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)
Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus, gaurko ekitaldian. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)

«Nola ikusten duzue plaza?», egin die lehen galdera Goikoetxeak, entzulez betetako Martin Ugalde parkeko aretoan. Jendez nahiko osasun onean eta bertsolari gazte eta onez ongi hornituta ikusten dutela erantzun dute biek. «Bizi osoa pasa dugunok gazteenak izaten bertso saioetan orain zaharrenak gara», adierazi du hernaniarrak. «Gu hasi ginenean bertsolariak ez ziren ezagunak, nahiko xelebreak ginen bertso eskolara joaten ginelako, gazte jendea apenas zebilen, emakumeak ere gutxi, estilo homogeneoko publikoa zegoen… Orain, berriz, jardun errekonozitua da, bertsolariak kultur mailan erreferentzialak izan daitezke, gazteen ilusioa izan daiteke bertsolaria izatea».

Hendaiarrari txapeldun izateak aldaketarik ekarri al dion itaundu dio gai-jartzaileak, eta bere buruarekin barne borrokak ekarri dizkiola aitortu du. «Bertsolaritza bizi duzunean kasik zure bizimodu bezala integratuta, halako egun seinalatu batek, emaitza seinalatu batek eragin dezakeenak nahastu zaitzake. Txapela egin eder bateko oroitzapena, jaki ederra da, baina indigestio batzuk eragiten ditu batzuetan».

Bertsotan egitea hagitz bide luzeko bilaketa bat bezala bizi duela kontatu du Arzallusek. «Lortzen ari zaren heinean bertsotan egiteko modu bat lortzen ari zara zu entzuteko modu bat ere. Horren arabera baloratzen zaituztela uste dut».

Generoari ere erreparatu diote. Maialenek oroitu duenez, plazan kantari hasi zenean jendeak ongi hartu zituen emakume bertsolariak. «Oso lur atsegina zen talka gogorra izan zitekeen bat hartzeko. Azken urteetan asko ugaritu dira emakume bertsolariak eta diskurtsoak asko aurreratu dira. Beste abiadura batean gertatzen ari dira gauzak».

«Nik bizipenak bizi eta gero egin ditut irakurketak, ibilbide bat egin eta gero. Gaur egun neurri batean bada kontrako norabidea zenbait kasutan eta esperientzia baino lehenago dago eskura teoria. Hori oso interesgarria, baina praktikan askotan motzago gaude teorian baino», gehitu du.

Arzallus ere kezkatzen du gaiak, eta baita «lehenago kezkatu ez izanak ere». Autokuestionamendu ariketa bat bezala bizi du batez ere eta bertsolari baino gehiago sentitzen da enplazatua pertsona bezala. «Gero, bertsolari bezala arduratxoa duzu gauza batzuk ohartuta edo ohartu gabe transmititzen dituzulako. Gauza gehienak bidenabar bezala doaz eta zailagoa da horiek deszifratzen».

«Etorkizunean norekin kantatu nahi duzue plazan? Eta norentzat?», galdetu die, amaitzeko, Josu Goikoetxeak. «Plazak mantentzen du garai batetik hona publiko anitz hori, eta nagusitzen ari dira plaza espezifikoagoak. Aurreikusi daiteke halakoak ugarituko direla. Nik estimatuko nuke herri guztiari kantatze hori ez galtzea, nahiz eta horrek bertsogintza jakin bat ekarri. Plaza desberdinak sor daitezela, baina hori mantenduz», azaldu du. «Gure burua 60 urtekin plazan zer izango den, ezin dut imajinatu», aitortu du Lujanbiok jendeari irria ateraz. «Gogorik badugu behintzat ederra litzateke».

Apaizek bezala erretiroa 75 urterekin hartu duen Xabier Amurizarekin batera, Joxe Agirre aipatu du Arzallusek. Beti mirestu izan du. «Hil bezpera arte ze irrika zuen plazara joateko, hori bertsotan segitzea baino gehiago miretsi izan dut. Jolasteko gogo hori». Gainerakoan, komeriak sortzen dizkion batekin abestu nahiko luke. «Paretaren kontra sentitzea ederra da ateratzea lortzen baduzu». Pixkana-pixkana Iparraldean aleka saio batzuk sortzen ari direla aipatu du. «Kualitatiboki maila txukunean, baina kuantitatiboki behar du beste masa bat». Gustatuko litzaioke Ipar Euskal Herrian ibiltzen diren baino gehiago ibiltzea.