NAIZ

Ibilaldia Durangon, ‘Dagigun!’ lemapean

Bizkaiko ikastolen jaia Durangoko Kurutziaga eta Ibaizabal ikastolek antolatu dute aurten. 6 kilometroko ibilbidea herrian kokatu dute bere osotasunean, herriari begira dagoen ikastola irudikatu nahian.

Ibilaldiaren hasiera ekitaldia Durangon, omenduak izan diren Rosi Oleaga eta Rosa Elizburu. (ARGAZKI PRESS)
Ibilaldiaren hasiera ekitaldia Durangon, omenduak izan diren Rosi Oleaga eta Rosa Elizburu. (ARGAZKI PRESS)

Laugarren aldiz -1980, 1992 eta 2005ean ere bertan ospatu zen- Durangoko ikastolei egokitu zaie Ibilaldia antolatzea. ‘Dagigun!’ lemapean familia eta lagunekin ospatzeko eguna antolatu dute eta Durangoko herriaz gozatzeko aukera eman dute, ibilbide osoa herrian kokatu baitute.

Bost gune nagusiak ikastolentzat funtsezkoak diren kontzeptuekin lotutak daude: hezi, sortu, dastatu, jolastu eta eraiki. Egitarauari dagokionez, Durangoko kultur, gizarte eta kirol eragileekin batera antolatu dute  eta jai eredua hiru zutabe funtsezkoren gainean eraiki dute: herritarra, parekidea eta parte-hartzailea.

Aurtengo edizioan lortutako diruak Kurutziagan Haur Hezkuntzako eraikina berriztatzeko eta Ibaizabaleko eraikin berria finantziatzeko erabiliko dira. Gaur egun, Kurutziagak 1025 ikasle ditu eta ibaizabalek 265.

Hasiera ekitaldia Ibaizabal ikastolan egin dute eta zinta bi langilek moztu dute, Rosi Oleagak eta Rosa Elizburuk. Bi emakume hauek ikastolan guraso eta langile izan dira eta horregatik omendu nahi izan dituzte.

Ordezkari politikoak ere hasiera ekitaldian izan dira. Horien artean, EH Bilduren lehendakarigai izendatu berri duten Arnaldo Otegi eta Iñigo Urkullu lehendakaria. Otegik eta Urkulluk elkar agurtzeko aukera izan dute.

 

San Agustin kultur gunean bigarren ekitaldi bat antolatu dute eguerdian non 2017ko Ibilaldiaren antolatzailea izango den Mungiako Larramendi ikastolari lekukoa pasatuko diote.