NAIZ
MUNICH

Ez da Municheko erasotzailearen eta Estatu Islamikoaren arteko loturarik, poliziaren arabera

Alemaniako Poliziak ukatu egin du Municheko erasotzailearen eta Estatu Islamikoaren artean harremanik dagoenik. Hala, merkatal gune batean jazo zen tiroketa «motibazio politikorik gabeko» ekintza izan zela adierazi du.

«Motibazio politikorik gabeko» ekintza izan zen iragan ostiralean Municheko merkatal gune batean jazotakoa, Alemaniako Poliziaren ustez. Hala adierazi du behintzat larunbat honetan egindako agerraldian.

Era berean, baieztatu egin dute ustezko erasotzailea jatorri iraniarreko 18 urteko alemanir gazte bat dela. Ustez, bederatzi hildako utzi dituen tiroketaren ostean bere buruaz beste egin du erasotzaileak.

Susmagarri nagusiaren etxebizitzan garatu duten ikerketaren ostean, ukatu egin du poliziak honek Estatu Islamikoaren inolako loturarik izan dezakeenik, nahiz eta iraganean jazotako motibazio politikorik gabeko tiroketen hainbat artikulu aurkitu dituzten.