NAIZ

Garazi Rodriguezen tortura salaketa berriz ikertzeko agindu du Konstituzionalak

Espainiar Auzitegi Konstituzionalak Garazi Rodriguezen tortura salaketak berriz ikertzea agindu du. Grande Marlaskaren aginduz, beste gazte ugarirekin batera atxilotu zuten Rodriguez 2009ko azaroan. «Zaintza judizial eraginkorrerako oinarrizko eskubidea urratu» egin zela adierazi du Konstituzionalak.

Garazi Rodriguez, berarekin epaitu zuten Haritz Petralandarekin batera, 2013an. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)
Garazi Rodriguez, berarekin epaitu zuten Haritz Petralandarekin batera, 2013an. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)

Ikerketa «zehatz eta erginkorrik» ez zela egin ondorioztatuta, espainiar Auzitegi Nazionalak Garazi Rodriguez donostiarraren tortura salaketa berriz ikertzea agindu du, BOEn argitaratu duten moduan. Rodriguez 2009ko azaroan atxilotu zuten, Segi gazte antolakundearen aurkako sarekada batean eta 2010eko uztailean ezarri zuen tortura salaketa.

Madrilgo epaitegi batek, hasiera batean, kasua artxibatu egin zuen, baina orain Konstituzionalak berriz irekitzea agindu du, «zaintza judizial eraginkorrerako oinarrizko eskubidea urratu» zela argudiatuz.

Ministeritza Fiskalak, bere idatzian, tortura salaketan agertzen diren «eraso fisiko, sexual, biluzte ez argudiatua, irain eta mehatxuak» nabarmentzen ditu. Hauek «marka fisikorik uzten ez dutela» gogoratuz, salaketa artxibatzeko erabili zen «zantzu fisikoen falta» ez datorrela doktrina konstituzionalarekin bat azpimarratu du. Era berean, inkomunikazio garaian auzi medikuari torturak adierazi ez izana beldurraren ondorioa izan daitekeela nabarmentzen du.

Modu honetan, ikerketa artxibatu aurreko puntura itzultzea agintzen du epaiak, kasua artxibatzen zuten idatziak balio gabe utziz.

Rodriguez beste 39 gazterekin batera epaitu zuten 2014an, eta 40ak absolbitu egin zituen espainiar Auzitegi Nazionalak. Epaian bertan, epaileek torturak kasu horretan izan zuen eragina nabarmendu zuten. GARAn egindako elkarrizketa batean gogora ekarri zuen epaiketan tortura sesioak azaldu behar izatea suposatu zuena.