NAIZ
BILBO

Eraso matxistekin amaitzea «denon ardura» dela nabarmendu dute Bilboko Konpartsek

Bilboko Konpartsek lan jardunaldi bat burutu dute, eraso sexistarik gabeko Aste Nagusi bat aldarrikatuz. Horretarako «antolatzeko beharra» azpimarratu dute, eta erasoekin amaitzea «denon ardura» dela gaineratu.

Eraso sexistarik gabeko Aste Nagusiaren alde egin dute Bilbon. (ARGAZKI PRESS)
Eraso sexistarik gabeko Aste Nagusiaren alde egin dute Bilbon. (ARGAZKI PRESS)

Eraso sexistarik gabeko Aste Nagusi bat bizitzea dute helburu Bilboko Konpartsek. Horretarako lan jardunaldi bat burutu dute gaurkoan bizkaitar hiriburuan eta kartelez josi dute jai gunea. «Denon ardura da gizarte eta jai parekide batzuk eraikitzea», adierazi dute.

Bide horretan «indar eta konpromiso guztia» jarriko dutela nabarmendu dute.  Horretarako, antolatu eta erantzuteko beharra dagoela ikusten dute konpartsek. «Ezin dugu beste toki batera begiratu, denok jaiak askatasunez eta modu baketsuan biziko bagenitu bezala, ez bait da horrela-eta».

Euskal Herriko herri eta auzoetan aurten izan diren erasoak gogora ekarriz, «hausnarketa sakon bat» eskatu dute, eta erasoak, irainak ekiditea «denon erantzunkizuna» dela gogorarazi.