NAIZ
IRUÑEA

Bost gizon atxilotu dituzte Nafarroan beste horrenbeste emakumeri eraso egiteagatik

Arren, Ablitasen, Lizarran, Barañainen eta Arguedasen bost gizon atxilotu ditu azken egunetan Nafarroako Foruzaingoak, guztiak ere indarkeria matxistarekin lotuta. 

Basaurin eraso matxista baten aurka abuztu hasieran egindako mobilizazio bat. (Marisol RAMIREZ | ARGAZKI PRESS)
Basaurin eraso matxista baten aurka abuztu hasieran egindako mobilizazio bat. (Marisol RAMIREZ | ARGAZKI PRESS)

Nafarroako Foruzaingoak bost gizonen atxiloketaren berri eman du ohar bidez, guztiak ere indarkeria matxistarekin lotuta.

Bart gauean izan da azkena, Arguedasen 50 urteko gizona atxilotu du poliziak emakume bati eraso egitea egotzita. Igandean, Barañainen atxilotu zuten 42 urteko beste gizonezko bat, etxean bere emakumezko bikoteari eraso egiteagatik, zauri nabarmenak zituen emakumeak. 

Beste hiru erasoak aurreko astekoak dira, ostiralean Lizarran bikote ohiari eraso zion beste gizonezko bat atxilotu zuen Poliziak, 48 urteko gizonezkoa atxilotu zuten han, emakumeak jasandako jazarpena deskribatu ostean. Beste bi erasoak ostegunean izan ziren, Ablitasen gizonezko bat emakume bati eraso egiten ari zela esanez jaso zuen Poliziak deia, bertaratu eta 36 urteko gizona atxilotu zuten, emakumea artatu egin behar izan zuten Cascanteko osasun etxean. Egun berean Burlatako 25 urteko beste gizon bat atxilotu zuten, kasu honetan Arren, urruntze agindua izan arren bere bikote ohiarengana gerturatu zelako. 

Bilbo, Gasteiz, Durando

Atzo bertan beste hainbat atxiloketen berri eman zuen Poliziak. Durangon abuztuaren 21ean atxilotu zuten gizon bat emakume bati eraso egiteagatik. Herenegun, berriz, Zuhatzu Gasteizen 24 urteko beste gizon bat atxilotu zuten bezpera arte bikote izan zuen emakumeari eraso egiteagatik.

Bilbon, Aste Nagusiko azken egunean laugarren gizon bat atxilotu zuten, zortzi eraso salatu dituzte guztira hiriburu bizkaitarrean. Azken honen kasua Bilboko Konpartsek izan zuten hizpide Aste Nagusiaren balorazioan, gogor salatu zituzten erasoak eta aurre egiteko bidea «erantzun herritarra eta autodefentsa feminista» direla nabarmendu zuten.