NAIZ
BAIONA

Baionako AS errugbi taldeko jokalariek eraso sexistak ukatu dituztela esan du presidenteak

Baionako AS errugbi taldeko presidenteak, Gilles Peynochek, zalantzan jarri ditu Durangoko neska batzuek salatutako eraso sexistak. Jokalariek salaketa horiek «kategorikoki ukatu» dutela esan du eta berak sinetsi egiten diela. «Egia bilatzeko» bi taldeen arteko bitartekaritza eskatu du.

‘Sudouest’ egunkariari eginiko adierazpenetan, Baionako AS errugbi taldeko presidente Gilles Peynochek zalantzan jarri ditu Durangoko neska batzuek salatutako eraso sexistak.

Irailaren 3an, Durango Rugby Taldeak (DRT) eta Baionako AS-k lagunarteko partida jokatu zuten eta, bukaeran, lapurtarretako batzuk Bizkaiko herri horretan geratu ziren. Errugbi taldeak Durangoko Goienkale kalean daukan tabernan, neskek salatu zutenez, ukituak eta hitzen bidezko erasoak egin zizkieten talde baionarreko kideetako batzuek.

DRT-k azalpenak eskatu zizkion talde baionarrari eta, erantzunik jaso ez zutenez, salaketa publiko egitea erabaki zuen. Orduan, talde baionarrak «informazio gehigarria» eskatu zuen.

‘Sudouest’ kazetak Gilles Peynocheren adierazpenak bildu ditu eta bertan zalantzan jartzen ditu salaketok. Azaltzen du aipatu taberna «oso leku txikia» dela eta bertan Durango eta Baionako taldeetako jokalariak zeudela. Hura itxita, gaineratu du «jende guztiak agurtu zuela elkar» eta ez zela inolako arazorik izan. Azpimarratu du taldeko kudeatzaile bat eta entrenatzailea jokalariekin batera zeudela.

Jokalariek akusazioak «kategorikoki ukatzen» dituztela esan du Peynochek, «eta nik sinetsi egiten diet».

Ildo horretan, «egia bilatzeko», bitartekaritza bat eskatu du.