Amagoia Mujika
Larrabetzu

Lekue, Ajuriagojeaskoa eta Amurizak osatu dute Miribillako zortzikotea

Osatu da Miribillako zortzikotea. Jone Uria, Beñat Ugartetxea, Etxahun Lekue, Ibon Ajuriagojeaskoa, Miren Amuriza, Onintza Enbeita, Xabat Galletebeitia eta Nerea Ibarzabal izango dira Bizkaiako Bertsolari Txapelketaren finalean.

Etxahun Lekue gailendu da Larrabetzuko saioan, finalerako azken txartel zuzena poltsikoratuz. Larrabetzuko saioak, hala ere, beste bi finalista eman ditu: Ibon Ajuriagojeaskoa eta Miren Amuriza. Hauxe izan da gaurko puntuazioa: Etxahun Lekue 527,5 puntu, Ibon Ajuriagojeaskoa 507,5 puntu, Miren Amuriza 504 puntu, Mikel Goiriena 439,5 puntu, Ander Elortegi 434 puntu eta Julen Erezuma 410 puntu.

700 lagun inguru bildu dira Larrabetzuko udal kiroldegian, giro paregabean. Azken finalaurrekoak izaten duen berezko xarma izan du eta bertsolari bakoitzak kolore propioa eman dio. Emaitza, kolore bilduma ederra. Bertsolari guztiek marraztu ditu erpin propioak, bertsozalearen gozamenerako.

Bidaiaren datorren geldialdia abenduaren 17an dago jarria, Bilboko Miribillan, final handian.