NAIZ
DONOSTIA

Celta garaitu eta Txapeldunen Ligako postuetara gerturatu da Reala (1-0)

Kostata, baina merezitako garaipena lortu du Realak etxean, Anoetan, Celtaren aurka. Juanmik 72. minutuan egindako gol batek eman dizkio hiru puntuak talde txuri-urdinari, Txapeldunen Ligako postuetara gerturatzea ahalbidetuz. [Neurketaren xehetasunak]

Juanmik egin du Realaren gola. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Juanmik egin du Realaren gola. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Amaitu du Ligako lehen itzulia Realak, ondo amaitu ere. Jokatutako 19 partidetatik 11 irabazi ditu, guztira 35 puntu erdietsiz. Bosgarren tokian da sailkapen nagusian, baina laugarren dagoen Atletiko Madrilen puntu kopuru bere dauka.

Etxean, Anoetan, eskuratu ditu talde txuri-urdinak bere azken hiru puntuak, Celtaren aurka 1-0 irabazi ostean. Garaipen sufritua izan da donostiarrek eskuratu dutena, baina merezitakoa era berean.

Bikain sartu da Reala norgehiagokan, eta lehenengo minutuak bere egin ditu, gol aukera andana sortuz. William Josek hirugarren minutuan izan du bere aukera gola egiteko, eta bizpahiru aukera izan ditu Velak ere donostiarrak markagailuan aurretik jartzeko.

Neurketaren lehen ordu erdia bete denerako, baina, Celtak neurketa parekatzea lortu du, eta Pione Sistoren bitartez Realari susto bat emateko parada izan du. Hala, hutsean iritsi da neurketa atsedenaldira.

Ondo ekin dio Realak bigarren zatiari ere, eta segituan hartu du bere gain partiduaren kontrola. Aukera parea izan du Velak bigarren zatiaren hasieran ere, baina ezin Sergio Alvarezek babestutako atea zulatu mexikarrak.

Erasoko jokaldiak bata bestearen atzetik osatu ditu talde txuri-urdinak, 72. minutuan Juanmik buruarekin egindako erremate batek atea ikusi duen arte. Realaren golaren ostean aldaketak egin ditu Berizzok, eta Iago Aspas eta Guidettiren parte hartzearekin hazi egin dira Celtaren aukerak.

Sufritzen amaitu du partidua Realak, baina hiru puntuekin egin da 90 minutuen amaieran.

Errepasatu partidaren xehetasun guztiak NAIZen webgune berezian.