NAIZ
DONOSTIA

Babes zabal eta anitza bildu du GuraSOSek hilaren 19ko manifestaziorako

‘Elkarrekin gehiago gara. Sin conflicto. Adostasuna, besterik ez. La solución es el acuerdo’ lelopean hilaren 19an Donostian egingo duen manifestazioa aurkeztu du GuraSOSek. Kultura, kirol, unibertsitate eta sindikatuen arloko gipuzkoar ugariren babesa ere jaso du plataformak.

Agerraldi jendetsu eta anitz batekin aurkeztu du GuraSOSek hilaren 19ko manifestazioa. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Agerraldi jendetsu eta anitz batekin aurkeztu du GuraSOSek hilaren 19ko manifestazioa. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Donostiako Haizearen Orrazian egindako agerraldian, Zubietako erraustegia eraikitzeko lanen adjudikazioaren ondoren hilaren 19rako deitu zuen manifestazioaren aurkezpena egin du GuraSOS plataformak.

Jatorri anitzeko gipuzkoar ugariren babesa jaso du GuraSOSek: kirolariak, artearen esparrukoak, musikaren mundukoak, unibertsitatekoak... Haien artean daude, batzuk aipatzeko, Harkaitz Cano, Arantxa Urretabizkaia eta Bernardo Atxaga idazleak; Gorka Otxoa, Ramon Agirre, Aitziber Garmendia, Tessa Andonegi eta Joseba Apaolaza aktoreak; Juanba Berasategi eta Loinaz Jauregi zinegileak; Axi Muniain surflaria, Markel Irizar txirrindularia, Joxe Luis Zumeta margolaria, Mariano Ferrer kazetaria; Joxemari Agirretxe pailazoa; edota musika munduko Xabi Solano (Esne Beltza), Zuriñe Hidalgo (Hesian), Xabier Saldias (Egan), Gari, Eñaut Elorrieta, Joseba Tapia trikitilaria eta Huntza taldea.

Zerrendan ageri dira, era berean, Andoni Egaña, Uxue Alberdi, Unai Gaztelumendi eta Amets Arzallus bertsolariak; Mendizabal pilotaria, Joseina Etxeberria irrati esataria edo Antton Olariaga eta Josevisky komikilariak.

Haietako batzuk agerraldian izan dira eta aurrez bildu zituzten atxikimenduen zerrenda luzeari batu zaizkie.

«Ur tanten antzera, elkartu gaitezen, bat egin dezatela gure eskuek, eta osatu dezagun itsaso bare bat», azpimarratu dute leku berezi horretan.

Jendartearen parte-hartzea aldarrikatzeaz gain, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiari dei egin diote, «gurekin bildu dadin eta aurrez aurre hitz egin dezagun, eta utz dezagula alde batera komunikabideen bidezko interpelazioa».

«Ireki itzazue Foru Aldundiko ateak, ez ezazue erakundeetan gotorlekurik egin», azpimarratu dute GuraSOSeko kideek.

«Ez dugu erraustegiaren aurkako manifestaziorik deitzen ezta Foru Gobernuaren aurkako mobilizaziorik ere. Egitearen gainetik, nola egin eta zein prezioren truke egiten den uste duen edonori egiten diogu manifestazioan parte hartzeko deia. Adostasun batera eramango gaituen gizarte-eztabaida beharrezkoa dela uste dugu», nabarmendu dute.