NAIZ
BAIONA

ETAren armagabetzea «Estatuaren kontrolpean» egin behar dela adierazi du Ayrault ministroak

Atzerri ministro frantsesak, Jean-Marc Ayraultek, Ipar Euskal Herrira egindako bisita batean, azpimarratu du ETAren armagabetzea «zuzenbide eta justiziaren barnean» egin behar dela, «ez nolanahi». Prozesu hori «ahalik eta azkarren» burutu dadin nahi duela gaineratu du. Bake Bideak dei egin dio Gobernu frantserari bere «ardurak hartu eta gatazkaren ondorioei aterabide demokratikoa emango dion bake prozesua eraiki» dezan.

Jean-Marc Ayrault Atzerri ministroa, Biarritzen. (Bob EDME)
Jean-Marc Ayrault Atzerri ministroa, Biarritzen. (Bob EDME)

Urte amaieran Luhuson izandako polizia operaziotik Euskal Herria bisitatu duen Estatu frantseseko lehen ministroa izan da Jean-Marc Ayrault, turismoa sustatzeko bidaia egin baitu. Agendan ez zegoen arren, ETAren armagabetzeari buruz ere hitz egin du, kazetarien galderei erantzunez.

Kazetak berri eman duenez, ETAk jarduera armatua «demokrazia eta askatasuna nahi dutenentzat ikur baikorra» izan zela esan du Ayraultek, eta gaineratu du «orain engaiamendu hori bururaino eraman eta ekintzetara pasa» behar dela, «armategien desegiteari» aipamena eginez.

«Armen itzultzean Estatuko kontrolpean egin behar da. Arau batzuk daude eta errespetatu behar dira», esan du.

Azaldu duenez, «gauzak ordena egokian egin behar dira». «Armagabetzea zuzenbide eta justiziaren barnean burutu behar dira, ez nolanahi», gaineratu du. 

Armagabetzea, Ayraulten esanetan, «ahalik eta azkarren» egin behar da. «Bortizkeriaren garaia gainditu» eta zuzenbide estatua errespetatu behar dela ere esan du.

Bake Bidearen erantzuna

Ministroari erantzunez, Bake Bideak gogoratu du dagoeneko bost urte pasa direla ETAk jarduera armatua utzi zuenetik. Ordutik Madrilek eta Parisek «inongo erantzun positiborik» eman ez dutela azpimarratu dute. 

Gizarte zibila armagabetzean inplikatu izana bi gobernuen engaiamendu eskasaren ondorio dela nabarmen du Bake Bideak.

Ildo horretan, dagozkion ardurak hartu eta gatazkaren ondorioei aterabide demokratikoa emateko prozesu batekin konprometitzeko eskaera egin dio Bake Bideak Gobernu frantsesari.